Arbizuko Udalak jakinarazi duenez, kiroldegiko klimatizagailua aldatzeko garaia iritsi da. Lanak eguberritan eginen dira, kiroldegiko ikastaroetan izaten den etena baliatuz. Udalak ohartarazi duenez, "lanen ondorioz, baliteke egunen batean igerilekuko eremua itxita egotea". Egun dagoen klimatizagailua zaharra da. Gainera, eraikina txikiagoa zenean jarri zen. Kiroldegia handitu zuten eta makinak ez du bere funtzioa ongi bete. Makina aldatuz, igerilekuen guneko egungo baldintza termikoak hobetu nahi ditu udalak, ez baitira lortzen horrelako espazioetarako behar diren tenperatura eta hezetasun balioak, sistemaren energia eraginkortasuna hobetzeko eta, bide batez, 86/2018 Foru Dekretua betetzeko.
Hasiera batean, lanak agorrilean egitekoak ziren, kiroldegia itxita zegoela baliatuta. Baina klimatizagailu berria ez zen garaiz iritsi lanak abendura atzeratu zituen. EH Bilduk Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa baten bidez udalak lan horretarako 120.000 euro jasoko ditu.