Binakako Txapelketako hasierako ligaxka despeditzeko hiru jardunaldiren faltan, Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta beteranoak sailkapenean liderrak dira (9 puntu), jokatutako hamaika partidetatik bederatzi irabazita, Laso eta Iztueta puntu batera dituztela (8 puntu). Aurrelari arbizuarrak azkeneko bolada kaxkarra atzean utzi du eta gustura ari da, disfrutatzen.
Binakako sorpresetako bat zarete Rezusta eta biok. Halako hasierarik espero zenuten?
Ez. Sentsazio onekin hasi ginen; txapelketa on bat egiteko itxaropena genuen eta oraindik horretan gabiltza, oso pozik.
Urte gogorretik zatoz. Lau eta erdian eta buruz burukoan ez genuen benetako Joseba ikusi. Entrenamendu onak egiten ari zinen, baina gero hori kantxan erakustea falta zen.
Bi txapelketa horietan ez nintzen ongi aritu, eta gustura hartu dut Binakakoa. Beñatekin txapelketa ofizial bat jokatzeko gogoa nuen, orain arte ez baikara aritu, eta txapelketa on bat egiteko gogoa. Beñat ikusgarri dago eta berarekin jokatzea sekulakoa da. Duen jotzeaz gain, asko babesten du, konfiantza handia ematen du, ikaragarri defendatzen du... Asko laguntzen dit, eta gozatzen ari naiz.
"Rezustarekin txapelketa ofizial batean aritzeko gogo handia nuen; oso pozik nago"
Uste duzu Binakakoarekin aho asko isildu dituzula?
Ez dakit. Ni nire lana ahalik eta hobekien egiten saiatzen naiz. Denetik entzuten da: nire hoberenak egin ditudala, nirea bukatu dela... Ahalik eta denbora luzeena lanean jarraituko dut ahalik eta maila hoberena emateko. Oraingoz disfrutatzen ari naiz, kantxan sentsazio oso onekin; ea horrela segitzen dudan.
Halako zurrumurruekin uneren batean minduta sentitu al zara?
Ez diet garrantzi handirik ematen. Badakit gure lanbidean hori ohikoa dela; azken txapelketa horietan maila jaitsi nuen, eta zurrumurruak entzutea normala izan daiteke. Mindu egiten nautela? Bai. Ez dietela kasu handirik egiten? Baita ere. Nahiz eta mingarria izan, hau nire lanaren zati bat da. Ahalik eta hobekien eramatea da kontua, eta horretan saiatzen gara.
Binakako orain arteko partidetatik, zein izan da bereziena?
Bat aukeratzekotan agian lehenengoa, Elordiren eta Zabaletaren kontrakoa. Lehen partida zen, eta garrantzitsua zen ongi hastea. Nerbio eta tentsio handiarekin joan ginen frontoira, baina maila ona eman eta irabazi genuen.
Laso-Iztuetaren eta Etxeberria-Martijaren kontra erori zinetenean berehala eman zenioten buelta.
Txapelketa luze honetan badakigu galtzea ere tokatzen dela, eta tokatuko dela. Bi partida horietan ez genuen gure maila eman; merezita galdu genuen. Partida asko dira eta segituan buelta eman beharra dago, entrenatu, lanak ongi egin, eta beste puntu baten bila joan. Ongi eman diogu buelta, eta alde horretatik ere pozik gaude.
Duzuen maila eta erritmo handi hori bukaeraraino eusteko gai izango ote zareten da katedraren zalantza.
Gabonetako maratoiak ahaztuta berriz ere normaltasunean gaude; erritmo hau hartzeko gogoa nuen, astero partida bat jokatzekoa, garrantzitsua baita bai eskuz bai fisikoki errekuperatzeko. Zalantzarik ez dut: garbi dut ongi iritsiko garela bukaerara, erritmo honi eutsiko diogula eta punturen bat gehiago hobetzea nahi dugula. Irabazi edo galdu, hori beste gauza bat izango da, baina lan ona egiten ari gara eta ilusioa eta esperantza dauzkat.
"Argi dut ongi iritsiko garela bukaerara, erritmo honi eutsiko diogula"
Jaka eta Imaz irabazi zenituzten ilbeltzaren 25ean Labriten.
Aurrekoa bezala, partida oso gogorra izan zen, bikote indartsua baita. Lehen zatian paretsu ibili ginen, baina erdialdetik aurrera gailendu ginen eta puntu garrantzitsua lortu genuen, lider jarri garelako.
Zeintzuk dira txapelketako aurtengo sorpresak?
Negatiboki, Etxeberria eta Martija; biek bere maila emanez gero bikote indartsua dira, gorago beharko lukete. Iztueta aipatzekoa da, oso lan ona egiten ari delako Lasorekin batera. Gero, betikoa, Zabaleta eta Mariezkurrena beti goian egoteko multzo horretan daude. Altuna eta Aranguren play-offetan sartuz gero oso bikote arriskutsua izan daiteke.
Zein da zuen helburua?
Txapelketa hasi zenean helburua play-offetan sartzea zen, lehen sei postuetan, baina orain lehen bi postuetan sartzea da, zalantzarik gabe. Ligaxkako hiru partida geratzen dira, eta ahalik eta gehien irabazi nahi ditugu, lehen bi postuetan sartu eta finalerdietara zuzenean sailkatzeko.
Nafarroa Arenako finalean egotea...
Poz ederra litzateke, baina bidea luzea da, eta oso zaila izango da, bikote indartsuak daudelako. Dena den, ametsak izatea garrantzitsua da, eta ederra litzateke berriz ere final batean sartzea. Beñatekin izatea ilusio berezia izango litzateke, polita. Horretarako, ongi egin beharreko lan handia dugu aurretik.