Astekaria

"Sardinian sardiniera, beraz, Euskal Herrian, euskara"

Guaixe 2025ko ots. 25a, 13:00

Maurizio Faedda Delpianok bezeroei harrera euskaraz egiten die.

Maurizio Faedda Delpiano Aralar tabernan UEMAren 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainan dago.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Egin nirekin ere euskaraz! kanpaina martxan du. Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren hamabi tabernari, zerbitzari eta dendari dira protagonistak. Haietako bi sakandarrak dira: Maurizio Faedda Delpiano arbizuarra eta Marcos Rocha etxarriarra. Kanpainako guztiak dira euskaldunak. "Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten digute gainerako herritarrek. Eta ez zaigu gustatzen. Euskaldunak garelako. Badakigulako euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen diguten bakoitzean zubia ere ukatzen zaigulako". Gaineratu dutenez, "euskara ukatzen diguzunean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen didazu, nahi gabe izan arren. Euskaraz hitz egiten didazunean, herrien eta kulturen arteko zubia sendotzen ari zara, euskaratik. Euskarari esker,  zu bezain euskalduna naiz".

Zenbat hizkuntza dakizkizu? 
Lau: sardiniera, italiera, gaztelania eta euskara. 

Zergatik ikasi zenuen euskara?
Euskal Herriko hizkuntza da, eta inportantea da. Sardiniakoa naiz, gure hizkuntza dugu: sardiniera. Herri txiki batekoa naiz eta minorizatutako hizkuntzekin sentsibilizatuta nago. Sardinian sardiniera, beraz, Euskal Herrian, euskara. 

Noiztik bizi zara Arbizun? 
Lehenik Donostian sei urtez bizi izan nintzen eta Arbizun zortzi daramatzat. Guztira hamalau urte Euskal Herrian.  

Arbizun zer moduz?
Ongi. Beno hemen euskalkia dago. Problema bat. Baina orain belarria egiten ari naiz eta ongi moldatzen naiz. 

Jendea tabernara etorri eta...
Hasieratik zerbitzua euskaraz eman dut. Lasai-lasai, moldatu naiz. Gogoratzen dut behin "moztu" bat eskatu zidatela. Euskalkian kafe ebakia da. Zer? galdetu nuen eta "cortau, cortau" erantzun zidaten. Pixkanak-pixkanaka, poliki-poliki, euskara eta euskalkia ikasten ari naiz. Euskara harremanak egiteko balio dit. 

Zergatik parte hartzen duzu Egin nirekin ere Euskaraz! kanpainan? 
Euskara garrantzitsua delako. Euskararekin konpromisoa dudalako. Borroka bat da. Eta identitatea ere bada. Gainera, jakinda sardiniarra naizela, jendeak baloratzen du nik euskara ikastea eta hitz egitea. 

Arbizuarrek ikusi dute kanpaina?
Bai, pozik daude. 

Autograforik?
Hobe Pello Reparazi eskatzea (barrez).