Joseba Ezkurdia da gure itxaropen bakarra

Maider Betelu Ganboa 2025eko otsailaren 28a

Albisu, Peña II.ak, Ezkurdiak eta Rezustak asteazkenean aukeratu zuten materiala. Ez zuten arazorik izan. UTZITAKOA

Aspaldiko partez, Joseba Ezkurdia izango da Binakako finalerdietarako ligaxkara sailkatzen den sakandar bakarra. Finalerdietako ligaxkako lehen partidan Ezkurdia-Rezustak Peña II.a- Albisu dituzte aurkari, "bigarren itzuliko bikote onena"

Binakako Pilota Txapelketa finalerdietan dago eta zerotik hasiko dira sailkatu diren lau bikoteak: Ezkurdia-Rezusta, Laso-Iztueta, Artola-Mariezkurrena eta Peña II.a-Albisu. Baiko enpresak hiru bikote sartu ditu finalerdietan, eta bakarra Aspek, Ezkurdia-Rezusta, beteranoenak. 2016tik ez zen halakorik gertatzen, azken urteetan Asperen nagusitasuna erabatekoa izan baita. 

Zabaleta eta Martija gabe
Joseba Ezkurdia da sakandarron itxaropen bakarra, Zabaleta eta Martija bidean geratu baitira, eta modu nahiko tristean, gainera. Martijak eta Etxeberriak ez zuten espero zen maila eman, eta ligaxkako azkenak izan ziren. Zabaleta eta Elordi, 2023ko txapeldunak, inork nahi ez duen moduan geratu dira kanpoan: play-offetako lehen kanporaketa galdu eta bertan lesionatuta. Ordura arte ligaxkako partida guztiak jokatu zituzten, baina Artolaren eta Mariezkurrenaren kontrako partidan euren eskuin eskuak txikituta bukatu zuten. Play-offetako bigarren kanporaketan Zabalak eta Eskuzak oso ongi ordezkatu zituzten, eta ia Peña II.a eta Albisu irabaztear egon ziren, baina ezinezkoa izan zen (22-18 galdu), eta Elordi eta Zabaleta Binakakotik kanpo geratu ziren, modu ezin tristeagoan. 

Peña II.a-Albisu, lehen arerioak
Binakako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldian Ezkurdiak eta Rezustak Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari igandean, Gasteizko Ogetan. Asteazkenean egin zuten material aukeraketa, eta txapelketan barna horrenbeste polemika piztu duen materialaren inguruan ez zuten inolako kexarik adierazi. Ezkurdia eta Rezusta kontziente dira zerotik hasten direla eta Peña II.a eta Albisu "oso aurkari gogorrak" direla. "Ligaxkako bigarren itzuliko bikote onena dira. Agian honakoa euren kontra jokatzeko unerik okerrena da" azaldu zuen Aspeko bikoak. "Partida oso zaila" espero dute.