Finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldiak berri ona utzi du Sakanan. Ezkurdiak eta Rezustak 22-16 hartu zituzten mendean Peña eta Albisu arriskutsuak Gasteizko Ogetan jokatutako partida nahasia. Aitortu beharrekoa da ez zela Aspekoen egunik onena izan errematean, baina Baikokoek akatsak pilatu zituzten eta hor ihes egin zien partidak.
Ezkurdiaren eta Rezustaren estrategia Albisu itotzea izan zen. Errematean ez ziren fin ibili, baina piloteoa kontrolatu zuten. Pilotakada ikaragarriak jo zituzten Aspekoek. Horrela, 14-6 jarri ziren aurretik. Peñak jokoaren ekimena hartu zuen eta 18-16 hurbildu ziren Baikokoak, baina Albisuk galdutako pilotak gehiegi izan ziren –12 pilota galdu zituen guztira–, eta, azkenean, ez zen nahikoa izan. Ezkurdia eta Rezusta beteranoenak dira finalerdietako ligaxkan, baina erakutsi zuten ahalmen fisikoa ikusgarria izan zen. 22-16 irabazita puntu bat poltsikoan dutela, Ezkurdia-Rezusta beteranoek esperientzia gradua dela erakutsi zuten Ogetan.
Finalerdietako beste partidan, Artolak eta Mariezkurrenak 22-14 irabazi zieten Lasori eta Iztuetari.
Artola eta Mariezkurrena, zain
Binakako finalerdietako bigarren jardunaldian Ezkurdiak eta Rezustak Artola eta Mariezkurrena izango dituzte aurkari martxoaren 8an, larunbata, Labriten jokatuko den partidan. Bestalde, martxoaren 9an, igandea, Eibarren, lehen jardunaldiko galtzaileen partida hartuko du Astelenak: Laso-Iztueta Peña-Albisuren kontra.