Txapelketa batean partida guztiak dira garrantzitsuak. Baina partida batzuk ezinbestekoak dira. Martxoaren 8an Ezkudia-Rezustak eta Artola-Mariezkurrenak jokatuko dutena bezala. Bi bikoteak Binakako Pilota Txapelketako finalerdietako ligaxkako lehen jardunaldia irabaztetik datoz, eta asko dute jokoan: martxoaren 30ean Nafarroa Arenan jokatuko den finalerako txartela, finalerako pasabidea, hain zuzen ere.
Martxoaren 4an egindako material aukeraketan ikusmina agerikoa zen. Dirua nahiko paretsu aterako da Labriten, 100-80ra, Artolaren eta Mariezkurrenaren alde. Ezkurdia eta Rezusta beteranoak "hemen gaude" esateko gogoa dute, Aspe enpresatik finalerdietara sailkatu diren bikote bakarra izanda, are gehiago. Asko dute jokoan, eurak finalean egoteak Aspe enpresa bera salbatuko baitu.
Gogorra eta polita, aldi berean
Ezkurdiak eta Rezustak argi dute partida zail baten aurrean daudela. "Larunbatekoa partida oso gogorra izango da, baina polita aldi berean. Artolak eta Mariezkurrenak bikote indartsua osatzen dute, potentea; txapelketa hasieratik ikusi genuen potentzial handia dutela. Oso zaila da eurak irabaztea, baina aurretik egin izan dugu, eta horretara heltzen gara; horrek konfiantza eta lasaitasuna ematen digu. Ilusionatuta gaude, oso gogotsu" azaldu zuen Ezkurdiak material aukeraketan.
Baikokoek hitz ederrak izan zituzten Ezkurdia eta Rezustarendako. "Bikote gogorra osatzen dute. Ligaxkako lehenak izan ziren, eta oso zaila izango da. Hala ere, sasoi onean gaude, konfiantzarekin" aipatu zuen Mariezkurrenak.
Lehertzera egongo den Labriteko partida irabazten duen bikoa zuzenean sailkatuko da finalerako, eta galtzaileak beste aukera bat izango du finalerdietako ligaxkako hirugarren jardunaldiko partidan.
Finalerdietako beste partida lehen jardunaldiko galtzaileek, Laso-Iztuetak eta Peña-Albisuk, jokatuko dute, martxoaren 9an, Astelenan. Galtzailea finaletik kanpo geratuko da.