Pilota

Finala, pauso batera

Maider Betelu Ganboa 2025ko mar. 10a, 09:42

Ezkurdia eta Rezusta bigarren puntua irabazi izana ospatzen, Labriteko pilotazaleen txalo artean.

Ezkurdiak eta Rezustak Binakako Txapelketako finala ongi bideratuta utzi dute Artolari eta Mariezkurrenari gailendu eta bigarren puntua lortuta

Binakako Pilota Txapelketak ikusmina pizten jarraitzen du jardunaldiz jardunaldi. Asteburuan finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia jokatu zen, eta nahiz eta Ezkurdiak eta Rezustak euren bigarren puntua lortu eta txapelketaren buruan egon, guztia airean dago eta hirugarren jardunaldiak erabakiko du. 

Martxoaren 8an Labriten bildu ziren pilotazaleek ez dute bertan bizitakoa erraz ahaztuko. Izan ere, Ezkurdia-Rezustak eta Artola-Mariezkurrenak jokatutako partida sekulakoa izan zen, ahaztezina. Bi bikoak ikusgarri aritu ziren, eta azken unera arte emozioa pil-pilean egon zen Labriten. Partida oso gogorra izan zen, epikoa, tanto amaigabeekin, behin baino gehiagotan pilotazaleak txaloka altxatu zituena. 76 minutu iraun zituen partidan, 714 pilotakada gurutzatu ziren. 

Ezkurdiak eta Rezustak hartu zuten aurrea, baina Baikokoek atsedenaldia eskatu eta gero partida parekatu zen. Mariezkurrenak eskuin eskua ederki astindu zuen, eta Rezusta lehertzea izan zen Baikokoen estrategia, Ezkurdia desaktibatzeko. Partida berdindu zuten, baina tanto oso gogorrean Mariezkurrenari pilota bat erori zitzaion, eta horrek airea eman zien Ezkurdiari eta Rezustari, pilota aldatu baitzuten, mugitzeko zailagoa zen beste pilota bat aukeratu, eta 12-8 aurreratu baitziren. Rezustak ongi egin zion aurre Mariezkurrenari; ikusgarri aritu zen, eta murru sendoa izan zen Ezkurdiarendako. Artolak eta Mariezkurrenak arriskatu zuten eta 12-11 gerturatu ziren, baina Rezustak eta Ezkurdiak aginte makila hartu, eta gantxoak, dejadak, eta bestelakoak eginez, 18-12 aurreratu ziren. Azken txanpan, Ezkurdiak eta Rezustak lan ikaragarria egin zuten defentsan, eta nahiz eta zenbait akats tarteko izan, 21-15 jarri ziren aurretik. Bukaera, zoratzeko modukoa izan zen. 21-18 gerturatu ziren Artola eta Mariezkurrena, baina Mariezkurrenak pilota txapapera bota, eta 22-18 irabazita, Ezkurdiak eta Rezustak hanka eta erdia baino gehiago dute martxoaren 30ean jokatuko den finalean. 

Ezkurdia eta Rezusta, “oso pozik”
Partida bukatuta, “oso pozik, gustura” zeuden Ezkurdia eta Rezusta. “Partida ikaragarria izan da, erritmo handikoa, sekulako giroa egon da... egia esan, pozik puntuarekin. Orain, errekuperatzera” zioen Ezkurdiak. Hanka eta erdia dute finalean. “Ikusi behar hirugarren jardunaldiak zer ekartzen duen, baina gaurko helburua 2 punturekin etxera joatea zen; helburua lortu dugu, eta pozik”. Bigarren puntua lortzean, nolabaiteko lasaitasuna hartu zutela aitortu zuen Ezkurdiak. “Ni behintzat azkenaldi honetan urduri, tentsioarekin etortzen naiz partida guztietara, baina gustura ari naiz, partidetan sartuta, partidetan buru belarri lanean, eta egia esan, horretan Beñat Rezustak laguntza handia ematen dit”. Atzean murru bat du Ezkurdiak. “Beñat sekulako lana egiten ari da, txapelketa handia; gozada bat da berarekin jokatzea”. 

Txapelketako beteranoak dira Ezkurdia eta Rezusta, baina maila ikusgarria ari dira ematen. “Gaur nekatuta bukatu dugu, baina ongi. Beñatek sekulako fisikoa du, murrua da, zezena, eta ni ere gustura ari naiz, fisikoan ongi ikusten naiz, partidak ongi aguantatzen ditut. Horretarako lana egiten dut eta ea horrela jarraitzen dugun”. Azkeneko partida “buru belarri” prestatuko dute. “Lanak ongi egin behar ditugu, eta berriro ere mailarik ahalik eta hobekien jokatzea, hori da asmoa; ea lortzen dugun”. 

Kalkulagailuak martxan
Martxoaren 9an Astelenan jokatutako finalerdietako beste partidan Lasok eta Iztuetak 22-16 irabazi zieten Peña II.ari eta Albisuri partida nahiko kaxkarrean. Horrek, finalerako aukera guztiak zabalik utzi ditu. Egun, Ezkurdia-Rezustak 2 puntu dituzte, Artola-Mariezkurrenak eta Laso Iztuetak puntu bana eta Peña-Albisuk ez dute punturik. Beraz, hirugarren jardunaldiko emaitzek eta tantoaverageak erabakiko dute.

Ezkurdiak eta Rezustak Laso eta Iztueta dituzte aurkari finalerdietako ligaxkako hirugarren jardunaldian, igandean, Donostiako Atano III.ean. Aspekoek irabazten badute, zuzenean sailkatuko dira finalerako, eta galtzen badute baina 16 tanto egiten badituzte, finalean egongo dira baita ere. Eta baita larunbatean Peña II.ak eta Albisuk Artola-Mariezkurrena irabazten badituzte ere bai. Artolak eta Mariezkurrenak irabazten badute, finalean egongo dira, eta, gainontzean, tantoaverageak erabakiko du. Kalkulagailuak, dantzan.