Binakako pilota finalean norbaitek egotea merezi bazuen, Ezkurdia eta Rezusta ziren horiek. Hala izan da: Binakako hasierako ligaxkako liderrak izan eta gero, eta finalerdietako hiru partidak irabazita merezimendu osoz jokatuko dute martxoaren 30eko Nafarroa Arenako final handia. Artola eta Mariezkurrena izango dituzte arerio. Hain zuzen ere euren kontra jokatu zuten, martxoaren 8an, txapelketako partidarik gogor eta ikusgarriena. Orduan Ezkurdia eta Rezusta gailendu ziren, eta ikusiko dugu martxoaren 30ean zer gertatzen den. Txapelketako beteranoenak, Ezkurdia eta Rezusta, euren hirugarren binakako txapela litzatekeena lortzeko prest daude.
Lasori eta Iztuetari irabazita
Asteburuan finalerdietako ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zen. Martxoaren 15ean, Labriten, Artolak eta Mariezkurrenak finalerako lehen txartela lortu zuten Peña II.ari eta Albisuri 22-10 irabazita. Gauzak horrela, martxoaren 16an goraino beteta zegoen Donostiako Atano III.ean Ezkurdiak eta Rezustak nahikoa zuten Lasoren eta Iztuetaren kontra hamasei tanto egitea finalerako sailkatzea. Eta ez hori bakarrik, hamasei tanto egiteaz gain, 22-19 irabazi baitzieten.
Ezkurdiak eta Rezustak partida bikaina jokatu zuten Atano III.ean. Lasok eta Iztuetak ere maila ederra eman zuten, baina finalik gabe geratu ziren. Dirua pare atera zen, eta hasieratik partida oso estua izan zen. Ezkurdiak eta Rezustak oso serio jokatu zuten hasieratik, eta bien artean soilik hiru pilota galdu zituzten. Erritmo bizian jokatutako partidan, Ezkurdiaren bizitasuna eta sasoia ikusgarriak izan ziren hasieratik. Erritmo bizian mugitu zuen pilota, eta Laso dantzan izan zuen lehen txanpan. 8-3 aurreratu ziren Aspekoak, eta zortzi tanto horietatik bost Ezkurdiak egin zituen. Txisparekin aritu zen arbizuarra. Ikusgarria da txapelketa guztian barna ematen ari den maila eta duen sasoia. Eta zer esan Rezustaz. Bergarako atzelari ezkerra izugarrizko murrua da. Unai Laso eta Iztueta ere ongi aritu ziren; Unai Lasok 14 tanto egin zituen eta Iztuetak ongi eutsi zion Rezustari, baina, ez zuten inoiz Ezkurdia eta Rezusta gainditzea lortu. 22-19 galduta, finaletik kanpo geratu ziren.
Oso pozik
Ezkurdia eta Rezusta oso pozik daude. Hamaseigarren tantoa lortu zutenean keinu egin zioten elkarri, baina partida irabaztean Atano III.ean bildutako zaleekin ospatu zuten finalera sailkatu izana. “Hilabete luzez egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara orain. Baziren bi urte final batean sartzen ez nintzela, eta baneukan gogoa Beñatekin esperientzia hori bizitzeko” aitortu zuen Ezkurdiak.