Konpost plantan kopuru handiagoak kudeatzeko aukera izanen da

Guaixe 2025ko mar. 26a, 11:10

Utzubar Ekoguneko konpost planta. ARTXIBOA

Sakanako Mankomunitatearen eskaera onartu du Nafarroako Gobernuak.

Utzubar Ekogunean konpost planta du Sakanako Mankomunitateak. Ibarreko erakundeak Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko Zuzendaritzari eskatu zion plantaren ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea. Aldaketa horrekin Mank-ek nahi zuen ordura arte baimendutako kudeaketa kopuruak aldatzea.

Zehazki, gaika bildutako zati organikoa kudeatzeko gaitasuna 1.400 tonara artekoa izatea eta inausketa hondarrena 600 tonakoa. Horrek hondakinak biltegiratzeko kopurua 2.000 tonatara iristea ekarriko luke. Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak aldaketa onartu du, baina, ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpenean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.