Binakako Pilota Txapelketako finalean egotea merezi duen bikoterik badago, Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak osatzen dutena da. Txapelketa ikaragarria eginda iritsi dira finalera: hasierako ligaxkako lider, eta finalerdietako hiru partidak irabazita. Martxoaren 30ean leporaino beteta egongo den Nafarroa Arenan aurkari gogorrak izango dituzte: Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena. Hain zuzen ere finalerdietan euren kontra jokatu zuten partida Binakako gogorrenetakoa izan zen. Hortaz, final ikusgarria espero du katedrak.
Txapelketa hasieran nork esango zizun Arbizuko elkartean egongo zinela finalaren aurreko elkarrizketak egiten?
Bagenekien zaila izango zela, baina lortu dugu. Hemen egoteko eta bizipen hauek bizitzeko ilusio handia genuen, eta ikaragarri pozik gaude.
Hasierako helburua play-offetara sailkatzea zen. Zein momentutan konturatu zineten helburu handiagoak jarri behar zenituztela?
Hasieran ongi lehiatzea nahi genuen, maila ona ematea. Bagenekien hori lortuz gero goian egoteko aukerak izango genituela. Lehen buelta oso ona egin genuen, eta hor ikusi genuen partidaz partida joan behar ginela, ligaxkako sailkapeneko lehen bi postuengatik borrokatzeko.
Txapelketako azken edizioei erreparatuta, aurtengoa final ezberdina izango da. Zer gertatu da finalerdietan Altuna edo Zabaleta bezalako faboritoak ez egoteko?
Final ezberdina da, bai. Baikotik bi pilotari berri daude finalean, Artola eta Mariezkurrena, eta Rezustak eta biok urte batzuk generamatzan Binakako finala jokatu gabe. Guk gure buruan konfiantza genuen; udan elkarrekin jokatu genituen zenbait torneo, eta ongi aritu ginen, maila onean. Biok elkarrekin jokatzeko ilusioa genuen, eta horrek asko balio du. Bestalde, uste dut Jose Javier Zabaletak play-offetan zorte txarra izan zuela, eskuak izorratu zituelako. Altuna play-offetan sartzear egon zen, partida erabakigarrian enpresak beste aldaketa bat egin zuen... faktore eta xehetasun asko daude. Dena den, uste dut polita dela aurpegi berriak egotea, eta final berri bat izatea.
Apirilean 34 urte beteko dituzu eta Rezustak 32 urte dauzka. Gazteak zarete, baina beteranoen titulua jarri dizuete. Pilotazale askoren artean nolabaiteko poztasun bat dago beteranoak finalera iritsi zaretelako.
Uste dut gehienbat dela Beñatek lauzpabost urte daramatzalako final bat jokatu gabe, eta nik Binakakoan beste lau urte inguru. Biok elkarrekin finala jokatzeak ilusioa piztu du gure ondoko jendearengan eta gugan. Txapelketa hasieran jarri ziguten beterano fama hori. Duela urte batzuk esaten zen 30-34 urteak zirela pilotara jokatzeko hoberenak, eta orain beteranoak garela esaten dute, baina fisikoki ongi gaude, ilusioarekin. Uste dut borrokatzeko gaudela.
Zergatik egiten dizu aparteko ilusioa finala Beñatekin jokatzeak?
Ezagutu ginenetik harreman ona egin genuen. Oso ongi ulertu izan gara beti, bai kantxan, eta kantxatik kanpo baita ere. Oso gustura jokatzen dugu elkarrekin.
Izaera kontua izan daiteke? Antzekoak zarete.
Bai, ixilak konfiantza ez dagoenean, eta konfiantza hartzen denean soltura gehiago. Bai, antzekoak garela uste dut, eta horrek, agian, batu gaitu. Biak urte asko daramatzagu profesionaletan, baina sekula ez genuen elkarrekin txapelketa ofizialik jokatu. Azken urteetan beti esaten nuen ilusioa egingo zidala pilota bukatu aurretik Beñatekin jokatzea, eta ikaragarri pozik nago, aurreneko aldiz elkarrekin jokatzea eta finalera heltzea gauza handia delako.
Txapelketan erakusten ari zareten maila ikaragarria da. Topera hasi, baina oso ongi bukatzen dituzue partidak.
Gustura gabiltza. Beñat fisikoki oso ongi dago, eta ni ere oso ongi ikusten naiz. Ez dugu beldurrik partidak luzatzeko, gogortzeko eta erritmoa jartzeko. Gure buruan konfiantza dugu, eta ongi bukatzen ditugu partidak. Partida hasierak oso garrantzitsuak dira guretako, partida erabakigarrietan are gehiago, eta oraingoz hasiera onak egiten ari gara. Ea finalean hala segitzen dugun.
Beñat Rezusta defini ezazu.
Pilotari eta pertsona zuzena, oso langilea. Gauzak oso ongi egiten dituena, xehetasunak zaintzea gustatzen zaiona, beti laguntzeko prest. Pertsona ona. Beti bere tokian, hitz txarrik ez, eta beti animatzeko eta laguntzeko prest. Lankide eta lagun oso ona da.
Jokoari begiratuta, babes handia duzu. Rezusta arroka sendoa da.
Beñat egiten ari den txapelketa pasada bat da. Ematen du debekatuta duela pilota bat huts egitea, dena onera eramaten du, Sekulako defentsa du, frontoia asko kubritzen du... Gozamena da berarekin jokatzea. Atze horretan pareta bat bezala da, dena ematen du bueltan.
"Biok elkarrekin jokatzeko ilusioa genuen, eta horrek asko balio du. Finalerako prest gaude"
Zuek izan zarete kanpaina honetan Aspe enpresa salbatu duzuenak.
Oraingo honetan horrela tokatu da, baina xehetasunak dira. Aurten guri tokatu zaigu enpresa defendatzea, eta horretan gaude.
Martxoak 30, Nafarroa Arena beteta eta sekulako giroa. Arerioak, Iñaki Artola eta Jon Mariezkurrena. Finalerdietan euren kontra jokatu zenuten partida Binakako partidarik gogorrena izan zen. Finalean ere halakoa espero duzue?
Bai, finalerdietako bidea hartuko du finalak. Partida oso-oso gogorra espero dugu, zaila. Frontoia gogorra da baita ere, asko aldatzen da Labritetik Nafarroa Arenara. Gurea egiten badugu, borrokatuko dugu, lehiatzeko gaudelako. Gure helburua partida gogorra egitea da, partida ona jokatzea, txapelaren bila joateko. Gertu bagaude, seinale ona, eta beraiek irabazten badute, behintzat guk lana ongi eginda izan dadila, guri irabaztea asko kostatu dadila.
Finalerdietan eta ligaxkan beraiei irabazi izanak konfiantza ematen dizue edo beraiekin ez zarete fio?
Ez gara fio, finala partida ezberdina delako, dena aldatzen da. Eszenatokiak berak, 3.000 pertsona... horrek eragiten du, berezia da, eta nerbio puntu berezia sortzen du. Finalean dena ezberdina da: txapela dago jokoan, eta horrek tentsioa sortzen du. Txapelak lortzeko aukera asko ez dira izaten, eta behin hor zaudela, lan ona egin eta txapela irabazi nahi duzu. Ea guztion laguntzarekin txapela etxera ekartzen dugun.
Aurrekoan Artola-Mariezkurrena jokoa atzean kargatzera atera ziren, Rezusta lehertzera. Zure kezkarik handiena, jokoan nola sartu.
Bai, baina Beñatekin sekulako konfiantza daukat. Alde horretatik ez dago beldurrik. Gu gure jokoa egiten saiatuko gara, partida mugitzen eta erritmoa jartzen, beraiek eroso egon ez daitezen. Potentzial handiko bikotea da, eta atzean asko kargatzen dute. Beraiei aurre egitea zaila da, gauzak oso ondo egin beharra dago. Ongi defendatu, eta beraiek mugiarazi. Erritmo handiko partida hasierak gustatzen zaizkigu, indartsu hastea eta partida hasiera markatzea. Mariezkurrenaren jokoa topera hastea da, dominatzen hastea. Joni ongi eutsi behar zaio, eta euren kontra pazientzia izan. Beraiei begiratu beharrean gureari begiratu behar diogu, gure jokoa hobekien egiten saiatu.
Bi aste hauek nolakoak izango dira?
Lehen aste honetan, ongi errekuperatu eta masaje pare bat hartu, Artola-Mariezkurrenaren eta Laso-Iztuetaren kontrako azken bi asteak oso gogorrak izan direlako, tentsio handikoak. Ondoren, egun pare batean entrenamendu fisiko gogorra egingo dut, eta egun pare batean frontoian entrenatu. Eta ongi mantendu.
Binakako bi txapela dituzu, 2018an Zabaletarekin lortutakoa, Rezusta-Elezkanori irabazita, eta 2021ean Martijarekin lortutakoa, Olaizola-Urrutikoetxearen kontra. Hirugarrena lortzea...
Sekulakoa litzateke, latza.
"Beñat egiten ari den txapelketa pasada bat da. Bera atzean dela, ez dago beldurrik"
Zapore berezia izango luke, agian zauden momentuagatik?
Aurreko biek ilusio handia egin zidaten, bertakoekin, sakandarrekin lortu nituelako, Polita izan zen, bai Joserekin irabazitakoa, lehen txapela izan zelako, eta Martijarekin irabazitakoa baita ere, nahiz eta hau berezia izan, pandemiagatik frontoian jenderik gabe jokatu genuelako. Gogorra izan zen gertukoekin ezin ospatu izana. Eta orain Beñatekin txapelaren bila goaz. Azkeneko urte eta erdia niretako ez da erraza izan, eta horri buelta emateak sekulako meritua du niretako. Beraz, txapela lortzea oso berezia litzateke.
Kirolariak berehala jainkotzen ditugu eta berehala jartzen ditugu sugarretan. Zentzu honetan finalean egoteak badu alde aldarrikatzaile bat? "Hemen nago" esatea?
Banuen gogoa. Azkeneko urte eta erdia ez da erraza izan, denetatik entzun behar izan dut, eta nahiz eta badakidan entzun beharrak baditudala, burua pixka bat ateratzea nahi nuen eta berriz ere goi horretan egotea. Entrenamenduetan ongi ikusten nintzen, baina gero txapelketetan ez nuen erakusten, eta nire buruarekin haserre nengoen. Orain burua berriro ateratzea lortu dut, eta alde horretatik bai, honek badu aldarrikatzailea den puntu bat, borrokatzearena.
Galdu edo irabazi, Arbizun ospatu beharra dago.
Jakina! Ohiturak ez dira galdu behar.
Binakakoa bukatuta, Buruz Burukoa abiatuko da. Hori da falta zaizun txapela bakarra. Gorenean egoteak konfiantza gehiago ematen dizu?
Aurten ez dut Buruz Burukoa entrenatzeko denborarik izan, baina finaletik ongi bukatzen badut, eskuak ongi, asmoa jokatzea da. Prestatu gabe, baina Buruz Buruko on bat egiteko ilusioz nago.