Barneko Erizain Egoiliarren estatuko oposizioa urtero egiten da, eta erizainek gainditu egin behar dute Osasun Sistema Nazionalean prestakuntzako espezialista izateko postu bat lortzeko. Nerea Lakuntza Gonzalez arbizuarrak hemezortzigarren postua lortu du aipatu azterketan. Aurten 2.171 postu eskaini dira eta arbizuarrak erizaintza obstetriko ginekologikoaren espezialitatea, emagina, egin nahi du.
Lakuntza San Donato ikastetxe publikoan egin zuen Lehen Hezkuntza eta Altsasu BHIn Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa. Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradua 2024an bukatu zuen, eta prestakuntzaren kalitatea azpimarratu du: "eskaintzen diguten ebidentzia zientifikoa egungoa da, eta irakasle taldeak ahal duen guztia egiten du titulazioa ezagutza finkatuekin amai dezagun. Gainera, graduari esker, erizaintzan hainbeste behar den talde sentsazio hori sentiarazi didaten lagun berriak egin ditut", esan du.
Azterketari dagokionez, test motako 200 galdera ditu, eta ordezko 10, eta ez dago gai zerrenda ofizialik. Espezialitatea aukeratzerakoan, azterketaren notak puntuazio osoaren %90 hartzen du, eta beste %10 Erizaintzako titulazioan lortutako espediente akademikoa da.