Duatloia

Arbizuko Duatloia, bertan behera

Guaixe 2025ko mar. 26a, 10:15

2023ko Arbizuko Duatloiko irteera. ARTXIBOA

Arbizuko Udalak azaldu duenez, “antolakuntzari dagozkion ahalegin guztiak egin dituzten arren, izena emate kopurua ez da iritsi gutxienekora

Joan zen urteko geldialdiaren ondoren, Arbizuko Udala ilusio handiz prestatzen ari zen 26. Arbizuko Duatloia. Martxoaren 29an zen jokatzekoa, eta Nafarroako Triatloi Federazioak hartu zuen izena ematearen ardura, astelehenean despeditu zena. Tamalez, proba bertan behera geratu da, partaide gutxi animatu direlako Arbizuko proba beterano eta zorrotza egitera. 

Arbizuko Udalak pena handia du proba ez delako aurrera aterako. “Antolakuntzari dagozkion ahalegin guztiak egin ditugun arren, izen emate kopurua ez da iritsi proba berme osoz egiteko behar den gutxienekora. Horrelako ekitaldi bat antolatzeak baliabide material zein giza baliabide askoren beharra du, eta hori ez da bideragarria izen emandako pertsonen kopurua txikiegia denean” azaldu du Udalak. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiete ekitaldian interesa erakutsi duten guztiei eta antolaketan lan egin dutenei, Nafarroako triatloi federazioa eta Sakanako Mankomunitatea kasu.