Joseba Ezkurdiak Binakako txapela aitari eta amari eskaini zien, malko artean, “beraiek direlako benetako txapeldunak”. Txapela jasotzean “hautsi” egin zen aurrelari arbizuarra. "Urte oso txarra daramagu etxean. Finalaren tentsioa bukatuta guztia etorri zait burura eta hautsi egin naiz" aitortu zuen.
Aita ospitalean zegoen eta hura bisitatzera hurbildu zen Joseba Ezkurdia Arbizuko omenaldira gerturatu baino lehen. Horregatik atzeratu zen ongietorria. Rezustarekin batera afarian bildu ziren ondoren, merezitako txapela ospatzeko. Baina astelehen goizean Donostiara bidean zegoela buelta hartu behar izan zuen Ezkurdiak, aitaren osasunak okerrera egin zuelako. Semeak merezitako txapela lortuta ordu batzuk besterik pasatu ez zirenean, zendu zen aita, gaixotasun larri baten ondorioz.
Pilotazaleak triste daude, txapelaren poz sentipen gorenetik tristurara pasa baitira.