Pilota

Sentipenez jositako txapela

Maider Betelu Ganboa 2025ko api. 6a, 09:00

Mariezkurrenak, Artolak, Rezustak eta Ezkurdiak final ikusgarria jokatu zuten leporaino beteta zegoen Nafarroa Arenan, eta txalo zaparrada jaso zuten. Aspepelota.eus

Joseba Ezkurdiak eta Beñat Rezustak Binakako txapelketa jantzi eta ordu batzuetara zendu zen Martin Ezkurdia, Josebaren aita. Emozio handiko egunak bizi izan ditu Buruz Burukoaren atean dagoen aurrelari arbizuarrak

"Azkeneko urte eta erdia niretako ez da erraza izan. Denetatik entzun behar izan dut, eta horri buelta emateak sekulako meritua du niretako. Banuen burua pixka bat atera eta berriz ere goi horretan egoteko gogoa. Beraz, txapela lortzea, eta gainera, Beñatekin, sekulakoa litzateke. Latza" azaldu zuen Ezkurdiak Binakako finala jokatu aurreko elkarrizketan. Eta latza izan zen. 

Goraino beteta zegoen Nafarroa Arenan Iñaki Artolari eta Jon Mariezkurrenari 22-20 irabazterakoan, emozioak jota "hautsi" egin zen aurrelari arbizuarra. "Urte oso txarra daramagu etxean. Finalaren tentsioa bukatuta, guztia etorri zait burura eta hautsi egin naiz" aitortu zuen. "Inguruko guztiei, ezkutuan laguntzen dutenei", baina bereziki "aitari eta amari" eskaini zien txapela, guztiz hunkituta, "beraiek direlako benetako txapeldunak". 

Emozioak borborka
Arbizuko omenaldira abiatu baino lehen Joseba Ezkurdiak geldialdia egin zuen ospitalean, bertan ingresatuta zegoen aitari, Martin Ezkurdiari, txapela eskaintzeko. Ondoren, Rezustarekin batera ospatu zuten garaipena, Arbizun. Plaza beteta zegoela egin zieten ongietorria, suziri, bonbo, tronpeta eta guzti. Lore sorta eta aurreskuaren ondoren, Jone Igartuaren bertso ederra jaso zuten opari. "... eta orain jaso lanaren fruitu burura txapel kuttuna / baina bakarrik ezin da eta alboan behar laguna / zaleon berotasuna, etxekoen maitasuna / goza ezazue garaipena eta ez ahaztu garrantzitsuena / aurreko hori daukana dela benetako txapelduna". Segidan, Olatzea Hotelean bildu ziren Ezkurdiaren eta Rezustaren senitartekoak eta lagunak, txapela elkarrekin ospatzera. 

Tamalez, hurrengo egunean Martin Ezkurdiaren osasunak okerrera egin zuen, eta semeak binakako hirugarren txapela lortu eta 24 ordu baino gutxiagora zendu egin zen, gaixotasun larri eta luze baten ondorioz. Asteazkenean izan zen haren aldeko hileta jendetsua. 

Egun gutxitan puntako emozioak bizi ditu Ezkurdiak. Gorenetik, txapela irabaztetik, beheraino egin du, aita despeditzeko tenoreraino. Joan baino lehen aitari txapela eskaini ahal izan zion, barrenean iltzatuta zuen helburua. Agur bereziagorik zaila izango da aurkitzen.  

 

Ezkurdiaren eta Rezustaren beheraldia iragarri zuten askok, baina gazteak dira, gorenean daude, euren onenean, eta gerra ematen jarraitzeko prest. 

 

Sufritutako txapela
Ezkurdia-Rezustaren eta Artola-Mariezkurrenaren finala gogorra, borrokatua eta luzea izango zela aurreikusten zen, eta ez zen sorpresarik egon. Dirua ere parez pare atera zen. Harmailak goraino beteta, sekulako giroa zegoen Nafarroa Arenan. Lau pilotarien aldeko pankartak zeuden, eta bi kolore adierazgarri: urdina, Artolaren eta Mariezkurrenaren zaleena, eta gorria, Ezkurdia eta Rezustaren aldeko zapiarena. Lau finalistek bukaeraraino final hunkigarria izan zen. 

Gakoak
Finaleko gakoetako bat hasiera izan zen. Hasiera bikaina izan zuten Ezkurdiak eta Rezustak, 7-1 aurreratu baitziren. Tarte horretan urdinak deseroso antza ibili ziren, nahiz eta tarteka Artolaren, eta, bereziki, Mariezkurrenaren zartakoak ikaragarriak izan, erreboteraino iritsi zirenak. Baina Rezustak urdinen bonbardaketari sendo eutsi zion, eta Ezkurdiak pilota txar asko kendu zizkion. Finalak aurrera egin ahala partida are gehiago gogortu zen. Bi bikoak tanto ikusgarriak egin zituzten, baina Ezkurdiak eta Rezustak hasieran ateratako aldea ongi kudeatu zuten eta une erabakigarrietan ofizioa, erregulartasuna eta fidagarritasuna erakutsi zuten. Gainera, defentsa lan ikaragarria egin zuten. Hori izan zen finaleko beste gakoetako bat, gorriek defentsan erakutsitako mastersa. Azken gakoa akatsak izan ziren. Urdinek akats gehiago egin zituzten, eta horrek ere kondenatu zituen. Azken txanpan gora egin zuten urdinek, eta 21-20 gerturatu ziren. Artola txisparekin aritu zen tarte horretan. Baina lehertuta, eta hortzak estuturik, 22. tantoa lortu zuten Ezkurdiak eta Rezustak, zerura eraman zituena. 

Bi bikoen sentsazioak
"Hasieratik atzetik egotea tokatu zaigu, eta horrek, azkenean, pisu handia izan du guretako, uneoro korrontearen kontra aritu garelako eta horrek neke handia sortzen duelako. Oso zaila da buelta ematea. Final eder bat izan da, pena txapela hain gertu edukita lortu ez izana" azaldu zuen Artolak. Mariezkurrenak "gorputzaldi txarra" geratu zitzaiola aitortu zuen. "Pena handia dut. Bukaerara arte borrokatu dugu, baina huts dezente egin ditut, eta hori izan da, baita ere, finala galtzearen gakoetako bat". Txapeldunak zoriondu zituzten. "Goza dezatela; elkar ikusiko dugu beste batean". 

Txapeldunek partidaren hasiera nabarmendu zuten. "Partidak ongi hastea oso garrantzitsua da; erritmoa jarriz aurretik hasi gara, eta gero errenta horri eustea lortu dugu. Pazientzia izan dugu" azaldu zuen Ezkurdiak. Rezusta jakitun zen urdinek jokoa atzean kargatuko zutela. "Momentu batzuetan sufritu dut, piloteoan baino zenbait sake erantzuterako unean, baina garrantzitsua izan da halakoak moztu, beste takadatxo bat egin, eta hasieran lortutako errenta mantentzen joatea. Sufrituta heldu gara 22ra" onartu zuen Bergarakoak. "Azken tanto hori nola edo ahala egitea genuen buruan" gaineratu zuen Ezkurdiak.

Pilotari onenaren saria
Txapelaz gain, Joseba Ezkurdiak Binakako Txapelketako pilotari onenaren EITB Saria jaso zuen. Sasoi betean aritu da, eta aldea ezarri du, atzeko koadroetan inperial aritu zen Rezustaren laguntzarekin.

Palmares ikusgarria
Elkarrekin irabazitako Binakako txapelari esker, hirugarrena biendako, Ezkurdia (2018an Zabaletarekin eta 2020an Martijarekin) eta Rezusta (2017an Irribarriarekin eta 2019an Elezkanorekin) Binakako hiru txapel dituzten pilotarien klubean sartu dira. Palmares eder horri Ezkurdiak lau eta erdiko hiru txapel gehitu behar dizkio, 2018an, 2019an eta 2022an lortutakoak. 

Rezustak eta Ezkurdiak palmares hori izatea, Altuna eta Zabaleta handien garaikide izanda, asko esan nahi du. Izan ere, txapela honek aldarrikatzailetik asko du. Ezkurdiak elite mailan tokia duela erakutsi du, eta Rezustak atzelari onenen artean bere tokia aldarrikatu du. Eta ez hori bakarrik, enpresa salbatu dute. Izan ere, Aspe izan da Binakako beste txapeldun handia, bi finalak, lehen mailakoa eta promesena, Salaberriarekin eta Gaskuerekin, irabazi duelako. 

Ezkurdiaren eta Rezustaren beheraldia iragarri zuten askok, baina gazteak dira, gorenean daude, euren onenean, eta gerra ematen jarraitzeko prest.