Pilota

Ezkurdia, Buruz Burukoan lanera

Guaixe 2025ko api. 4a, 11:00

Larrazabal izango du aurkari apirilaren 4an, Azkoitian

Pilotan ez dago atseden hartzeko tarterik. Binakako finalaren oihartzunak oraindik itzali ez direnean martxan dago txapelketa garrantzitsuena: Buruz Burukoa

Txapelketa nagusia Basque Culinary Centerren aurkeztu zuten astelehenean. Jokin Altuna, Javier Zabala, Joseba Ezkurdia, Aitor Elordi, Dario Gomez eta Peio Etxeberria izango dira Asperen ordezkariak, eta Unai Laso, Iñaki Artola, Erik Jaka, Jon Ander Peña, Iker Larrazabal eta Beñat Senar Baikokoak. Aspen Peio Etxeberriak hartu du joan zen urtean Buruz Burukoan aritu zen Jose Javier Zabaletaren tokia. 

Txapelketan ez dago aldaketarik. Asteburu honetan final zortzirenak jokatuko dira, eta segidan final laurdenetako ligaxkaren txanda helduko da. Orduan sartuko dira lehian zerrendaburuak, Altuna, Zabala, Artola eta Laso. Onenak maiatzaren 17an eta 18an jokatuko diren finalerdietarako sailkatuko dira, eta final handia ekainaren 1ean jokatuko da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Astebete lehenago, maiatzaren 25ean, hirugarren eta laugarren postuetako finala erabakiko da, Donostiako Atano III.ean. 

Egungo txapelduna, Jokin Altuna, bere laugarren txapela lortzen saiatuko da. "Sasoiko nago, eta ondo ditut eskuak. Txapelketa ona eta gogorra izango da. Bolada gogorretan burua hotz izan beharko da, eta garai onak ahalik eta gehien aprobetxatu". 

Joseba Ezkurdiak Iker Larrazabal izango du aurkari gaur, ostirala, 22:15ean, Azkoitian. Material aukeraketa asteartean egitekoa zen, baina Ezkurdiaren aitaren heriotzarengatik partidaren egunean bertan, ostiralean egingo da. Ezkurdia ez da Buruz Burukora bere onenean iritsi, baina nahiz eta entrenatzeko tarterik ez izan, "ahalik eta lan onena egiteko ilusioa" duela nabarmendu zuen finalaren aurreko elkarrizketan. Buruz Buruko txapela da falta duen bakarra, 2022an finalera iritsi zen, baina Unai Lasoren kontra galdu egin zuen.