Binakako txapelketa irabazi, orduetara aita galdu eta entrenatu gabe eta lur jota iritsi zen Joseba Ezkurdia Buruz Buruko Txapelketara. Apirilaren 4an Iker Larrazabal izan zuen aurkari Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatutako final zortzirenetan. Hala ere, txukun hasi zen arbizuarra, piloteoan erritmoa sartuz, eskuinarekin mina eginez eta Larrazabal dominatuz. Baina Larrazabalek ez zuen etsi, eta sakea aldatuz, Ezkurdia mugiaraziz eta angeluak bilatuz partidari buelta eman zion. 10-4 galtzetik 10-16 aurreratzera pasa zen Larrazabal, Ezkurdiaren desesperaziorako. Une zailak pasa zituen aurrelari arbizuarrak, deseroso, errestoan arazoekin eta akatsak pilatuz. 14-21 galtzen ari zela, ordea, irauli zuen partida. Arriskuak hartu zituen, eta behetik gora egin zuen, kasta eta esperientzia erakutsiz. 21era berdintzea lortu zuen Ezkurdiak, baina miraria gauzatzear zela, azken tantoa Larrazabalen alde erori zen, eta arbizuarrak modu krudelenean galdu zuen partida, epika ezin borobildu, eta Buruz Burukotik kanpo geratu da. Iker Larrazabalek egin du aurrera final laurdenetara.
Bukaeran, triste zegoen arbizuarra. “Pena izan da. Abantaila hartu dut, baina deseroso egon naiz. Ez dut gozatu. Igandetik gorputzari buelta eman ezinik nago, eskuetatik nahiko justu ibili naiz, eta ezin izan dut entrenatu, baina hori ez da aitzakia. Horrela, zaila da. Ez nahiz errekuperatu, eta horrela ezin da Buruz Burukoan jokatu” azaldu zuen partida bukaeran.