Arbizuko Udalak gaztigatu duenez, garbigunea beharko lukeena "zikin gunea bihurtu da". Udaletik azaldu dutenez, "denbora tarte bat eman du txukun da. Baina, atzera ere, zabortegi gisa erabiltzen hasi dira batzuk". Udalak jakinarazi duenez, hondakinak gaizki kudeatzen dituenari isuna jarriko diote. Gainera, "jokabide arduragabeak saihesteko asmoz, aurki kamerak jarriko dira". Udalak azaldu duenez, "guk geuk sortzen ditugun hondakinak behar bezala bideratzeko gutxieneko ahalegina egiten ez badugu, etorkizun gaiztoa dugu jendarte eta gizaki gisa, gure ingurumenarekiko behintzat".

Udalak gogoratu du hondakin bilketa egunero egiten dela Arbizun. Gainera, altzariak eta tamaina handiko hondakinak Emausko Trapuketariek jasotzen dituzte etxean. Horretarako, 948 464 867 telefono zenbakira hots egin edo sakana-mank.eus webguneko galdetegia bete behar da. Garbigune mugikoarraren bidez ohiko bilketaren bidez jasotzen ez diren hondakinak kudea daitezke. Eta, azkenik, Utzubar Ekogunea dagoela gaztigatu zuen, hura ere "bost egunez zabalik dago eta hara eraman daitezke hondakinak".