Astekaria

"Katiluak eramateko buruzagiak zeuden"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mai. 21a, 12:10

Manuel Leitza Araña Arbizuko alguazila zilarrezko katiluarekin.

Manuel Leitza Araña Arbizuko alguazila da, "duela hogei urtetik gora". San Isidro egunean urteko lehenengo aatea ospatu zuten Arbizun, eta Leitza prestaketaz eta 'barkilloak' banatzeaz arduratu zen.

Lehen auzolanean egiten zen lan hori.

1. Zergatik egiten da aatea San Isidro egunean? 
Egia esan, ez dakit; nik horrela ezagutu dut betidanik. Misterioa da. 

2. Zenbat aate egiten dituzue urtean? 
San Isidro, maiatzaren 15ean, lehenengoa da; gero irailaren 8an egiten dugu, irailaren 29an eta urriaren 12an, Pilarika egunean. Niretako denak berdinak dira, baina Pilarikakoa gehiago gustatzen zait; gainera, asteburua bada jende gehiago etortzen da.

3. Zergatik egun horietan? 
Irailaren 8an Jasokunde eguna da; irailaren 29an, San Migel eguna eta urriaren 12an Pilarika. 

4. Non eta zer ordutan egiten dira aateak? 
20:00ak aldera, plazan. Txistorra, gazta eta abar jartzen dugu, eta gero jendeak bere merendurako egiten ditu, kuadrrillaka. 

5. Festetako aatetara inguruko herrietako jendea etortzen da. Hauetara? 
Ez, herrikoak bakarrik. Festetan, eguerdian, elkarteek ematen dute hamaiketakoa, eta arratsaldetan, egunero, udalak aatea. 

6. Udalak ematen ditu, ezta? 
Orain bai. Lehen Elizako Kofradiak ematen zituen, eta Pilarika egunean ehiztariek. Orain denak udalak antolatzen ditu, ehiztariena izan ezik. Duela bost edo sei urte hartu zuen udalak ardura, kofradia desagertu zenean. Ohitura ez galtzeko hartu zuen.

7. Zer eskaintzen du udalak? 
Txistorra, gazta eta ardoa. Festetako aateetan alkoholik gabeko edaria ere jartzen da, mostoa, baina urtean zehar egiten direnetan ez.

8. Ardoa zilarrezko katiluetan ematen duzue? 
Bai. Zortzi daude, baina lau erabiltzen ditugu. Lau oso-oso zaharrak dira, eta fin-finak daude, eta beste lau kopia egin ziren eta horiek erabiltzen dira. 

9. Aateetan jendea biltzen da? 
Bai, baina lehen askoz gehiago biltzen zen. Adineko jendeak ohitura handiagoa zeukan. Gazteek ez dute ohiturarik. Jendea gose eta egarri etortzen da; lau gazta jartzen ditugu.

10. Urteekin aldaketarik ikusi duzu? 
Lehen gizonak bakarrik etortzen ziren, eta orain emakumeak ere etortzen dira. Lehen ere norbera bere bokadilloarekin etortzen zen eta aatearen ondorengo meriendak plazan egiten ziren. Orain jendea jatetxeetara eta abar joaten da. 

11. Zuk ematen duzu, ezta? 
Bai, Mila Reparaz lankidearekin. Guk dena prestatzen dugu: gazta moztu, ogia txikitu eta gero barkilloarekin jendearengana joan. Lehen buruzagiak izaten ziren. Buruzagia izateko udalak egiten bazuen auzolan bat, bi lagun hartzen zituen barkilloekin ibiltzeko. Etxez etxe hartzen zen, urte batean etxe bat eta hurrengoan beste bat. Gu joaten ginen etxez etxe eta jendea ezezkoa ematen hasi zen, orduan udalak erabaki zuen guk eramatea. Ibiltzen ginen etxez etxe eta ezetz eta ezetz esaten zuten, azkenean duela hamar bat urte aldatzea erabaki zuten. Garai batean derrigorrezkoa zen, auzolan bat.