Mendi lasterketak

Bi arbizuar Zegama-Aizkorrin

Guaixe 2025eko maiatzaren 27a

Jendetza animatu zen korrikalariak animatzera. ZEGAMA-AIZKORRI

Ander Ericek eta Ioseba Izak mendi maratoi gogorra ongi bukatzea lortu zuten

Ohi denez, jendetza bildu zen igandean Aratz, Aizkorri eta inguruko mendietan XXIV. Zegama Aizkorri Mendi Maratoian parte hartu zuten mendi korrikalariak animatzera, tartean sakandar asko. Proba Golden Trail World Series txapelketarako baliagarria zen, eta trail running onenak bildu zituen. Kilian Jornet txapeldun handiaren hutsuneak lasterketa gehiago ireki zuen eta ikuskizun handia eskaini zuten korrikalariek. 

Azkenean, aurretik bi bigarren postu zituen Elhousine Elazzaouik lortu zuen garaipena, merezimendu osoz (3:43:28). “Zegama, Zegama da, eta hemen irabaztea ametsa da. Beti bigarren izan naiz eta garaipena lortzea oso berezia da niretako” azaldu zuen. Bigarren Sancti Spiritura lehena iritsi zen Alacanteko Andreu Blanes izan zen (3:50:53), eta hirugarren Daniel Pattis italiarra (3:51:40).

Sakandarrei dagokienez, Ander Erice arbizuarra 152. sailkatu zen (5:26:33), eta Ioseba Iza arbizuarra 242. (6:11:59). 

Emakumezkoetan Sara Alonso donostiarra gailendu zen (4:27:25), emozio handiz, lasterketa goitik behera kontrolatu eta gero. “Garaipenaren bila atera naiz, hori nuen buruan. Asfaltora iritsi arte, ez dut sinetsi. Oso pozik nago, ilusio handiena ematen didan lasterketa delako. Ezin dut gehiago eskatu”. Bigarren Judith Wyder suitzarra izan zen (4:29:47) eta hirugarren Malen Osa (4:31:18), nabarmentzekoa.