1 Euskaraz hizketatzeko modu horri nola hots egiten diozue Arbizun?
Ino. Neskatoekin egiteko, noketan, eta mutikoekin, hiketan.
2 Hitanoari buruzko saioa behar zen?
Mila. Bai. Gure belaunaldiko jendeak egiten du, baina gazteagoak oso gutxi erabiltzen dute, neskatoak gehienbat, mutikoak gehixeago. Kezka edo interesa daukate, eta saio bat egitea pentsatu zen.
3 Zeinek parte hartu zuen?
I. Nahi zuenak parte har zezakeen. Adin guztietako jendeak parte hartu genuen. Denak neskak izan ginen, mutilik ez, topaketan bertan aipatu genuen. Hiketak eta noketak herrian duten erabileraren balorazioa egin zen. Oso ongi egon zen, herrian dugunaz pixka bat hausnartzeko.
4 Topaketan zuen artean nola hizketatu zineten?
M. Lehenengo hausnartu genuen zergatik bai eta zergatik ez, edo zergatik ari den galtzen. Bakoitzak bere iritzia bota zuen. Emakumezko gazteek komentatu zuten gizonezkoen artean hitz egiten dutela, baina ez dute bereizten emakumezkoa edo gizonezkoa izan. Guk bai. Neskatoak oso gutxi hitz egiten dute eta interesa dute noketan aritzeko. Praktikatzeko edo hasteko elkartuko ginatekeela gelditu ginen. Whatsapp talde bat sortu zen tarteka gelditu ahal izateko, pote bat hartzeko, ibilbide bat egiteko...
I. Gazteak interesa badute, interesgarria litzateke denok noizbehinka elkartzea eta hainbat jarduera egin. Ea praktikan jartzen dugun esandakoa.
5 Zuek nola ikasi zenuten?
M. Etxean. Topaketan aztertu genuen gauzetako bat izan zen zergatik familiako edo kuadrillako kide batzuekin noketan egiten dugun eta beste batzuekin ez. Gu bost gara eta gure artean beti noketan hitz egin izan dugu, zaharrena gazteenari eta gazteena zaharrenari izan ezik.
I. Nik ere etxean. Anaiarekin, ahizpekin eta lagun batzuekin harremana hiketan da. Gutxi batzuk garenez, interesgarria litzateke mantentzea, ez galtzea.
6 Arbizutik kanpo erabiltzen duzue?
M. Ez. Pertsona batzuekin modu batera hitz egiteko ohitura hartzen duzu, eta horretan segitzen duzu. Ezagun berriekin zuketan aritzen naiz.
I. Gauza bera. Ohitura kontua da. Txikitatik pertsona batzuekin hiketan egitera ohitzen zara. Eta beste pertsona batzuekin zuketan identifikatzen zara.
7 Jendeak zuek bezala ikasi du?
M. Uste dut baietz.
8 Gizonezkoen erabilera zergatik da handiagoa?
M. Gurasoei zuketan egin izan diegu, noketan inoiz ez. Beraiek guri bai, baina guk haiei ez. Estatus bat zen, errespetua, zaharragoak zirelako edo dena delakoagatik. Mutilen artean askoz indar gehiago dauka hiketan hitz egiteak. Azken batean, gertutasuna da hiketan hori. Emakumezkoak leunagoak, suabeagoak izan behar dira, ez dakit zer hitz erabili. Baina neska gazteek eskatzen dute, ikasi nahi dute.
I. Gazteek esan zuten beraien kuadrillan mutilek hiketan egiten zutela baina nesketara hurbiltzen zirenean ez zekitela beraiekin noketan egiten. Hor nolabaiteko hutsune batzuk dituzte. Prozesua martxan jarriko da eta ea hau guztia aurrera eramaten den eta posible den pixka bat indartzea.
9 Gazte eta helduen artean alderik?
I. Gure kuadrillan zuketan egiten dugu, baina gazteagoa den ahizparen kuadrillan hiketan egiten dute dena. Ohitura kontua da, hiketan hasten bazara, horrela jarraitzen duzu.
M. Bitxiena da 19-20 urteko neskek interesa dutela.
I. Esan genien deklinazioez ahazteko eta, batez ere, erabiltzeko.
10 Zer ematen dizue hiketan hitz egiteak?
M. Konfiantza eta gertutasuna.
I. Hurbiltasuna ematen du.
11 Hurrengo Euskaraldian hikaldia Arbizun?
I. Interesa badago. Ea posible den hori guztia gauzatzea.
M. Lehenengo pausoa emana dago: taldea sortu da.