Ez dira triatloiaren urrezko garaiak, baina Sakanako Mankomunitateak igeriketa, txirrindularitza eta atletismoa lotzen dituen kirola sustatzeko apustua egitearen alde jarraitu nahi du. Horrela, udari begira Sakanako Triatloi Eskola antolatu du Mank-ek, Arbizun. Aurten lehenago izango da, ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 11n despedituko baita.
Izena ematea zabalik dago ekainaren 16ra arte, edo 25 lekuak bete arte, Kirol Zerbitzuan (683 343 854). Prezioa: 50 euro. Maalen Beraza eta Ekhi Congil izango dira monitoreak, eta 10:00etatik 12:30era arte landuko dute triatloia, bereziki, jolasen bidez.
Sakanako Haurren Triatloia, Altsasun
Sakanako Triatloi Eskolan parte hartzen duten neska-mutiko gehienek Mank-ek antolatzen duen Sakanako Haurren Triatloian parte hartzen dute. Normalean Urdiaingo Aitziber igerilekuetan jokatzen da, baina aurten, uztailaren 5era aurreratu denez, Urdiaingo festekin egiten du bat eta proba Altsasun egitea erabaki du antolakuntzak. Gainera, Urdiaingo igerilekuak obretan daude.