Mendi lasterketak

Nafarroako selekzioarekin, Bartzelonan

Guaixe 2025ko eka. 5a, 11:30

Nafarroako mendi lasterketen selekzioko kideak, Sihets Agirre, Aratz Mendoza eta Victor Fernandez tartean, Bartzelonan. UTZITAKOA

Dantzaleku Sakana atletismo eskolako Sihets Agirrek, Victor Fernandezek eta Aratz Mendozak eskola adineko Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketan parte hartu zuten maiatzaren 24tik 25era. "Esperientzia ikusgarria" izan da

Maiatzaren 24tik 25era eskola adineko Espainiako Mendi Lasterketen Txapelketa jokatu zen Bartzelonan. Nafarroako selekzioarekin Sakana Atletismo Klubeko Sihets Agirre arbizuarra, Victor Fernandez irurtzundarra eta Aratz Mendoza arbizuarra lehiatu ziren. Selekzioko kideendako "esperientzia ahaztezina, ikusgarria" izan dela azaldu du Dantzaleku Sakana Atletismo Eskolako monitore Aitor Mendozak. Nafarroako selekzioaren ardura Nafarroako Mendi eta Eskalada Federazioko Miren Eizmendi presidenteak eta Julen teknikariak izan zuten.  

Maiatzaren 24an Molins de Rein lasterketa bertikala izan zuten jokoan. Infantilen mailan 2,2 km eta 237 m desnibela zuten aurretik, eta Sihets Agirre 26. sailkatu zen (17:47). Kadeteetan, 3,3 km eta 407 m desnibeleko proban, Victor Fernandez 30. iritsi zen helmugara (23:27), eta Aratz Mendoza 49. (29:01). 

Maiatzaren 25ean, aldiz, infantilek 4,8 km-ko lasterketa (240 m desnibela) eta kadeteek 8,1 km-koa (430 m desnibela) osatu behar izan zuten, Papiolen. Nafarroako selekziokoak txukun aritu ziren. Tartean, Sihets Agirre infantila 25. sailkatu zen (32:51), eta kadeteen mailan Victor Fernandez 23. (45:44) eta Aratz Mendoza 47. (58:40). 

Mendi korrikalari sakandarrak "oso gustura" aritu dira Nafarroako selekzioarekin. Lehenengo aldia da Nafarroako Mendi Federazioak eskola adineko selekzioa prestatzen duela –selekzioa sortzeko eskaria behin eta berriz egin zuen Dantzaleku Sakana klubak–, eta ziur ez dela azkena izango. Guztiak ongi aritu dira, Aratz Mendoza baita ere, nahiz eta diabetesa izan.