Nola aldatu dira Arbizuko festak azken urteetan? Galderari erantzuteko garai bateko egitarauak baino ez dira begiratu behar, eta hori da Migel Angel Reparaz Razkin arbizuarrak egiten duena. 1990an hasi zen festetako programak jasotzen, tartean 1985ekoa aurkitu zuen ere, eta 2020 eta 2021 urtetakoak pandemiagatik bertan behera gelditu ziren festetakoak eta 1999. urtekoa ez ezik, 30 programa baino gehiago bildu ditu. Ez da bilduma bakarra, Guaixe aldizkari zaharrak ere gordetzen ditu, baita hainbat txanponen bilduma dauka ere.
"Momentu batez programa ikusi nuen eta gordetzea pentsatu nuen. Gure atzetik datozenek ikus dezakete garai batean zer egiten zen eta bitxia iruditzen zait. Azkenean, aldaketak ematen dira, eta batzuetan garrantzitsuak dira". Arbizuko festetako egitaraua etxera iristean gordetzen saiatzen dela esan du Reparazek.
1985eko Arbizuko festetako egitaraua da zaharrena. "Aurretik ote ziren zalantza daukat; gutxi gora behera garai hartan hasiko zirela uste dut". 30 urte baino gehiago hauetan festetako eskuorrien diseinua asko aldatu da: "Garai hartan oso xumea zen, bi orri, orduz ordu zer zegoen, erdaraz ere jartzen zuten; gero aldatzen joaten da". 1990ko hamarkadan argazkiak eta iragarkiak sartzen hasi ziren, "tabernak, dendak, baita argazki zaharrak ere. Horiek ere politak dira ikusteko". Handiagoak, txikiagoak... "Hasieran sosoagoak ziren, San Juan ermitako argazkiarekin nahikoa zen, baina gero artistikoagoak izaten hasi ziren". 2000. urteko programa, esaterako, oktogonala da, eta 2007koa poltsiko formatutakoa.
Noizean behin festetako egitarau zaharretan agertzen diren argazkiak ikusten ditu Reparazek. Horrela, esaterako, garai bateko ohiturak eta, hobe esanda, zenbait ohitura nondik datozen ikus daiteke: "Festetan arratsaldero merenduak egiten ditugu, herri guztia biltzen da plazan, eta hori izan zen lehen gizonak bokadillo batekin biltzen zirelako eta ardoa urtero bi familia arduratzen zelako banatzeaz. Baten bat hasi zen mahai bat jartzen eta lau lagunekin jaten, eta gero besteak hasi ziren". Hori izan zen merenduen hasiera, "aspaldi". Festetako ekitaldirik garrantzitsuenetarikoa dela esan du Reparazek. "Kanpoan bizi den jendea etortzen da eta denak biltzen gara". Bizitzan behin faltatu da Reparaz sanjuanetan; ezkondu zen urtean, ekainean ezkondu zirenez kanpora joan zirelako. Hasieran gizonak hasi ziren egiten, eta emakumeak haren kuadrilla gonbidatuak hasi ziren merenduetan parte hartzen. Hortik aurrera hasi ziren joaten, baina ez egunero.
Badago gauza bat aldatu ez dena Arbizuko festetan eta da ekainaren 23tik 29ra ospatzen direla, San Juan bezperan hasi eta San Pedro eguneraino. "Hemen ez da sekula aldatzen. Beste herri askotan aurreratu edo atzeratu egiten da asteburuarekin emateko; hemen ez". Zazpi eguneko festak dira, eta adineko jendearendako agian gehiegi izan daitekeen arren, "gazteek gozatzen dute, horrekin nahiko". Kinto gazte eta kintoendako egun garrantzitsuak dira, bezpera bereziki: "Mari Lonbren Zaldiya zortzikoa dantzatzen dute, eta beraiendako oso handia da".
Sanjuanetako egun politena eta bereziena bezpera dela esan du Reparazek. "Zalantzarik gabe". Arraltsaldean, 19:00ak aldera, txarangarekin ateratzen dira, udalbatza barne, eta ermitara joaten dira. Bertan, bezperak abesten dute, ardoa eta gazta ateratzen dituzte eta kuadrillek merendatzeko zerbait eramaten dute. Behin iluntzen denean txarangarekin "behera" egiten dute eta unerik garrantzitsuenetarikoa pizten da: Suak. "Ez da beste herri batzuetan bezala su handi bat egiten dela, Arbizun karrika guztietan goitik behera 50 metrotatik suak egiten dira eta sorbaldatik helduta etortzen gara saltoka". Politena dela dio arbizuarrak. "Nik hori defendatzen dut, gu zaharkitzen ari gara, eta ezin da galdu".
"Jendeak bere kontura parte hartzen zuen eta hori polita zen. Dena programaturik dago. Baziren gauzak programatuta, baina programatik kanpo ere giro handia zegoen. Programako gauzak daude eta politak eta ikusi beharrak dira, baina jendearen parte hartzea garrantzitsua da". Reparazendako adineko jendea etxetik ateratzea "garrantzitsua" da. Ni beti horrekin nago, ez dut esaten gauza handiak egitea; adineko jendea parte hartzea. Gazteek badute urte osoa ere". Batzuetan plazatik pasa eta musika entzuten jendea ez egotea "pena" ematen diola esan du.
Arbizuko festek izan dituzten aldaketen artean, garai batean jotak kantatzen zirela gogoan du Reparazek: "Herriko jendeak abesten zituen". Bestetik, plazan haurrendako txerrikumeak eta pottokak eta animaliak egon ohi ziren, "baina animaliek sufritzen zuten", eta kendu zituzten. Bigantxak ere egoten ziren, "Kale Nagusia ixten zen eta bigantxak goitik behera egoten ziren". Bestetik, Tuteratik orkestra etortzen zen eta "animazio handia" egoten zela esaten dute, "bezperatik etortzen ziren eta haien bila joaten ginen".
Arbizuko festetan nabarmentzen duen beste ekitaldi bat Sakana Kantuz da. Ekainaren 28an, larunbatean, ariko dira: "Lau herri hasieran hasi ginen Arbizu, Etxarri, Bakaiku eta Altsasu, eta hala segitzen dugu". Orain Uharte Arakilen hasi dira zerbait egiten, eta Arbizura joaten dira entseatzera. "Udaletatik festetara joatea eskatzen digute".