"Egia esan, esperientzia duen taldea gara. Denok eduki dugu beste talderen bat aurretik, eta gehienok jarraitzen dugu beste talde batean gaur egun ere". Bost kidez osatutako talde berria sortu dute Arbizun: Askazi. Ulon ahotsak, Iñaki gitarra joleak, Erik gitarra joleak, Alain bateria joleak eta Iban baxu joleak osatzen dute, eta aitortu dutenez proiektua osatzea ez da erraza izan. Esaterako, talde gehiagotan egoteak entseatzeko garaian ez duela laguntzen esan du Ulonek. "Esan daiteke behartu gabekoa izan dela sorrera, orain dela urte batzuk Erikek melodia pare batzuk erakutsi zizkidan, eta lokalean itxura pixka bat hartu zuten".
Lehenengo melodia horietatik sortu zen taldearen ideia nagusia. "Hortik aurrera, pixka bat serioago jarri ginen eta ea talde bat sortuko genuen galdetu genion elkarri". Hortaz, ideia horrekin aurrera egin zuten, "nahiz eta hasiera batean beste formazio batekin hasi ginen lehenengo entseguak egiten". Ulonek, esaterako, taldeko bateria jolea zela esan du. Gauzak aurrera egin ahala, konpromezu gehiago hartzeari eta eskatzeari ekin zioten, eta proiektuan hasi zuten batzuk ez jarraitzea erabaki zuten, "beste talde batzuekin topera baitzeuden". Hortaz, "beste lagun batzuekin" harremanetan jarri ziren, eta joan zen urteko urrian gaur egungo taldea sortu zen: "Iñaki, Iban eta Alain sartu ziren, taldeari txispa ikaragarria emanez".
"Gure bizimodua, lurrak, historia eta injustiziak adierazteko tresna da"
Helburu nagusia "ongi pasatzea" dela esan du Ulonek. "Musika gustatzen zaigunoi beti gustatzen zaigu saltsan ibili, eta nola ez, gauza berriak probatu". Musika adierazteko modu bat da haiendako: "Gure bizimodua, gure lurrak, gure historia eta, nola ez, kaleko injustizia guztiak adierazteko tresna bezala sentitzen dugu". Jendeari inguruan daukana "ahaztu" egiten zaiola esan du, baina gehiago baloratu dezan saiatuko dira: "Honen lekuko gure lehenengo abestia den SAKANA-ren bideoklipa da". Dagoeneko ikusgai dago.
Kaleko musika
"Txikitatik" entzun duten kaleko musika jotzen du Askazi taldeak, "beraz, barnetik ateratzen zaiguna kaleko musika da". Estilo horren barruak, zerbait "melodikoagoa" egiten dutela azaldu du Ulonek, "garrantzia handia ematen diogu letren metrika eta fonetikari". Helburua abestiak jendeari "erraz" sartzea da, "lortuko dugun ez dakigu", esan du abeslariak barrezka.
Erikek proposatutako melodia batekin hasten dira abestiak sortzen. "Hortik melodia hori pixka bat landu eta eskatzen diguna sartzen joaten gara". Bitartean tematika bat zehazten dute abestiaren "iluntasunaren" arabera eta gutxinaka estruktura bat jorratzen dute; "bukatzeko, estruktura musikala eta melodiak argi ditugunean, amaierako letra sartzen dugu". Letrak egiten "oso ibiliak" ez direla esan du Ulonek, eta horregatik "gure kamarada den Estaneri Nafarroa 1512 taldeko baxu joleari laguntza eskatu ohi diogu". Haiendako erreferente bat dela esan du.
Proiektua modu "ez ohiko" batean hasi dute: "Normalean edo ohikoena talde hasiberrietan izaten da lehenengo abesti batzuk edo bertsioak jotzea eta entseatzea, baina gure kasuan, nik uste arrazoi nagusia denbora falta dela, erabaki genuen hasiera denbora horretan geneuzkan hiru edo lau abestiak grabatzeari eskaintzea eta taldea sareetan aurkeztea". Hirugarren abestia "sarri" aterako dute, eta laugarren abestia bukatutakoan lehenengo abestiak kaleratzeko fasea amaituko dute. "Hortik aurrera entseatzeari eskainiko diogu denbora". Asmoa diskoa kaleratzea da, baina lehenengo lau kantak aterako dituzte, kontzertua ematea aurreikusten dute, eta ondoren diskoa prestatuko dute. "Hori da ikusten dugun proiektuaren hasiera. Ea zer moduz doan". Taldean hartutako erabakia izan da. "Gauzak behartu gabe egin nahi ditugu. Momentuz, behintzat, abesti horiek kaleratu eta entseatzen hasiko gara. Denbora gutxi dugunez, ez dugu data zehatz bat jarriko zuzeneko bat egiteko; baina entseatzen hasi eta ikusten dugunean dena ongi ateratzen dela, kontzertuekin hasiko gara".
Bihotza
"Musika bihotza betetzeko modu bat da; zenbait momenturi aurre egiteko tresna"
Taldekideendako musika "bihotza betetzeko" modu bat dela esan du abeslariak. "Oso erlatiboa izan daitekeen tresna. Bizi hau, gora beherez eta etapaz beteta dago, batzuk onak eta beste batzuk ez hain onak, eta momentu horiei aurre egiteko tresna ezin hobea dela iruditzen zaigu".