Sanferminetako lau eta erdian ordezkari sakandarrik gabe geratu gara. Ekainaren 28an Joseba Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak Aspeko Adarreko final laurdenetako partida jokatu zuten Sopelan. Beroa izan zen bi pilotarien arerio nagusia, tenperatura altuek izugarri gogortu baitzuten partida. Hala ere, erritmo handian jokatu zen partida lehen zatian.
Erritmoa eta abiadura, bi pilotariek nor baino nor jokatu zuten. Gutxika, Peio Etxeberria aldea ateratzen hasi zen, eta 20-12 aurreratu zen. Baina Ezkurdiak ez zuen amore eman, eta gerturatzen hasi zitzaion, 20-21era jarri arte. Tamalez, Ezkurdiak Etxeberriaren bi paretakoa ezin izan zuen erantzun, eta 20-22 galdu zuen, erremontada bikaina litzatekeena gauzatu gabe.
Aspeko adarreko finalerdia Peio Etxeberriak eta Zabalak jokatuko dute, eta Baikokoa Artolak eta Peña II.ak. Bi finalerdiak uztailaren 4an jokatuko dira, Atano III.ean.