Udalak festen balantzea egiterakoan arbizuarren parte hartzea eskertu du

Guaixe 2025eko uztailaren 9a

Arbizuarrak festetan plazan. ARTXIBOA

Udalari aurtengo festetako argazki albuma osatzen lagundu nahi dionak kultura@arbizu.eus posta elektronikoko helbidera bidal ditzake irudiak. Heldu den urtean erabiliko lituzke. 

Arbizuko Udalak festetako balantze laburra egin du. Eta lehenik eta behin herritarren parte hartzea eskertu du. "Festetan ere, auzolanez, borondatez, aritzea ezinbestekoa iruditzen zaigu: komunitatea egiteko elkarlana oinarrizkoa delako eta ditugun trebeziak besteei eskaintzea benetan eraikigarria delako. Festa hobeak egiten ditugu parte hartze aktiboarekin". Hala aritu diren kintoak, gazteak, musikariak, abeslariak, piper opil egileak, dantzariak, kirolariak, gosari egileak, muslariak, herriko langileak... "ezin bestekoak" direla aitortu du udalak. 

Egitarauari dagokionez, "oro har, iritzi eta sentsazioak onak" jaso ditu udalak, nahiz eta "musika talderen batek ekitaldiarekin ez gara konforme gelditu". Garagarrilaren 27an herritarren arteko herri kirol lehiaketa jokatu zen. Udalak esan duenez, "ahoko zapore gazi gozoa gelditu zaigu. Joan zen urtean baino parte hartze txikiagoa izan da, eta errepikatu duen jende kopurua oso txikia izan da. Baina, beste aldetik, aurten osatu diren taldeak anitzagoak izan dira eta horrek ere pozten gaitu". Ekimen horren inguruan hausnartuko dutela aurreratu du udalak.  

Festetako atzeneko egunean, garagarrilaren 29an, munduko gosariak ekimenak herrialde guztietako jakiak dastatzeko aukera eman zien arbizuarrei. Udalaren iritziz, "ekimenari ere protagonismo eta eduki gehiago emateko ahalegina egitea merezi du".

Azkenik, udalaren balorazioan ezin zuen hutsik egin garagarrilaren 24ko erauntsiak. Ekaitzak plazako toldoa hautsi zuen eta gau hartan musika emanaldirik gabe gelditu zen Arbizu. Toldoa baztertu edo jaso ondoren, gainerako egunetan egitaraua behar bezala garatu zen. Hala ere, udaletik azaldu dutenez, "plaza nagusia babesteko heldu den urterako zerbait pentsatu beharko dugu". Horretaz aparte, udalak nabarmendu du, berak dakiela behintzat, aparteko intzidentziarik ez dela izan festetan.