Arbizuko plazan jarri du hitzordua Katrin Ginea Mundiñanok. Kultura eta ikus-entzunezkoen alorrean lan egiten duen arbizuarrari plazak bere udako momentuarekin lotura duen galdetuta, “nolabait, badauka” erantzun du. “Ziur denok esperoko dutela sanjuanengatik izango dela. Super sanjuanzalea naiz, baina ez da udako momentua. Niretako udako momentua lagunak dira, sozializazioa. Plazan izan daiteke, edo nire etxeko atean. Gu bizi garen kalean, herriaren hasieran, badugu lorategi moduko bat eta hor asko biltzen gara aldamenekoak, arratsaldetan. Edateko zerbait atera, batzuetan afaltzekoa ateratzen dugu ere bai... niretako udako politena hori da”.
Arratsalde iluntzeko freskura hartzera biltzen dira, beraz. “Hori da, freskuran egotera. Gainera, hau ez da udan hasten, udaberrian baizik, eguraldi ona hasten denean. Askotan ateratzen gara, eta berehala afari-meriendak antolatzen hasten gara. AEBetan bizi den Garfi laguna bisitan datorrenean ere bai”. Agerikoa da bizilagunek harreman ona dutela. “Kuadrillako nahikotxo bizi gara inguruan, oso ongi eramaten garenak, eta beste bizilagunekin harreman polita dugu ere bai”. 24 etxebizitza dira Katrinen auzoan, “baina biltzen garenak zortzi-hamar etxekoak izango gara, harreman gehiago dugunak”.
"Egunerokotasuneko kontuak kontatzen dizkiogu elkarri; kontu politak, penak, une onak eta txarrak"
Sentipen ugari sortzen dizkio honek. “Denetatik. Poztasuna, baina gehienbat komunitatearen sentipena. Ni oso jende artekoa naiz, baina bakarrik bizi naiz, eta bakardadea sarritan sentitu dut. Orduan, auzokideen bilkura hori niretako nire familia modukoa da, nire artaldea. Kalekumea naizenez, sozializatzea ezinbestekoa da niretako, eta sentimendua gehienbat hortik heldu da. Bilkura horietan auzokideek egunerokotasuneko kontuak kontatzen dizkiegu elkarri; kontu politak, penak, momentu onak eta txarrak. Eta niretako oso garrantzitsua da hori”.
Ongietorrian, udako momentua
Aurten bereziagoa izan da udako momentu hori, zazpi hilabete atzerrian egon ondoren ekainean itzuli zelako Arbizura. “Hiru hilabete egin zituen Suedian, eta ondoren lau hilabete Danimarkan, Kopenhagen. “Oso gustura egon naiz, baina bertako jendea ez da oso jende artekoa. Oso jatorrak dira, eta oso harrera ona egiten dizute, baina inork ez dizu esaten: nahi duzu larunbatean gurekin bazkaltzera etorri? Eta ni kontrakoa naiz, nire etxea denon etxea da. Horregatik, Arbizura jendearekin egoteko beharrarekin itzuli nintzen”. Etxera buelta “sekulakoa” izan zen. “Ahizpa joan zitzaidan aireportura bila, etxeko atera igande eguerdian iritsi nintzen, eta justu aldamenak nituen zain. Maleta utzi, eta garagardo bat hartu genuen elkarrekin. Izugarri estimatu nuen, pila bat botatzen nuen faltan”.
Katrinek ez du udako momentua usain batekin lotzen. Aldiz, kolore bat baino gehiago datorkio burura. “Lorategiaren berdea, eguzkiaren horia, eta zeruaren urdina. Kolore horiek guztiak”. Zorionez, udako momentua ez da bakarra, behin eta berriz errepikatzen da, “uda bukatu arte”.
"Geroz eta argiago dut Arbizun, edo txoko honetan bezala, ez dela inon bizi"
Atzerrian zegoela, udako momentua sarritan imajinatzen zuen, “asko gainera”. Izan ere, Suedian eta Danimarkan harremantzeko modua ezberdina da. “Hemen baino askoz ere indibidualistagoak direla esango nuke, Suedian Danimarkan baino gehiago. Suedian argi orduak egunean hiru ziren askotan, eta etxetik ez dira ateratzen. Han ez dago ez kuadrilla ez Maria. Ni familia batekin egon nintzen, eta familia hark familian egiten zuen dena”. Kopenhage “beste mundu bat” iruditu zitzaion. “Bertan Arbizuko kanpinera etortzen diren daniar guztiak ezagutzen nituen. Enpresan elkarretaratzeak egiten zituzten ostiraletan, eta gonbidatzen ninduten. Joaten nintzenean, oso harreman ona zen. Oso jende jatorra da, baina gero plan asko oso talde txikitan egiten dituzte; oso kuadrilla txikiak dira. Nik ez dut, fabrikako festez gain, inork planen batera gonbidatzera lortu”.
Nolanahi ere, atzerriko esperientzia “oso ona izan da, oso momentu gogorrekin ere bai. Gogorra da, baina oso esperientzia polita, niretako hamarrekoa, super gomendagarria, irailetik aurrera berriz egitea baztertzen ez dudana”. Hala ere, “geroz eta argiago dut Arbizun edo txoko honetan bezala, ez dela inon bizi. Familia gertu izatea super garrantzitsua da”.