Arbizuko eskolako lanak emateko irizpidea prezioa izan zen "bakarrik"

Guaixe 2025eko irailaren 16a

Udaleko eta gobernuko ordezkariak eskolako lanetara egindako bisita. ARTXIBOA

Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak ohartarazi du prozesuan irregulartasunak egon zirela, eta horietako batzuk etorkizuneko ikerketei kalte egin diezaieketela. 

Maria Chivite Navascues lehendakariak hala eskatuta, Nafarroako Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren Aurkako Bulegoak (OANA) foru administrazioak Servinabar enpresari emandako bost kontratu aztertu ditu. Enpresa hori Koldo Auzian gakoa da. Egindako txostenak Nafarroako Parlamentuari bidali dizkio bulegoak, han azken lau legegintzaldietako obren lizitazio eta adjudikazioari buruzko ikerketa batzordea sortu baita. Batzordean 68 txosten aztertuko dira, horietako bat Arbizuko ikastetxearen obrei eta esleipenei buruzkoa da. Lanak Acciona Construcción eta Alegure aldi baterako enpresen elkartzeak egin zituen. Azken enpresa hori Antxon Alonso enpresariak sortu zuen, Servinabar enpresaren jabeak. 

Bulegoak ondorioztatu du Arbizuko eskolako lanen esleipenak Nafarroako Gobernuari ez ziola inolako "kalte ekonomikorik" eragin. Kontratua 3.183.228,23 euroan (BEZ barne) esleitu zen, eta aldaketak eginda, 3.317.387,67 euro ordaindu ziren; beraz, ez zen esleipen-prezioaren %20 baino gehiago izan. Lanak emateko deialdira sei enpresa aurkeztu ziren, baina batek atzera egin zuen azkenean. Bulegoaren ondorio nagusia da kontratua esleitzeko irizpidea eskainitako prezioa izan zela "soilik". Proposamen teknikoa azkenean "garrantzirik gabekoa" izan zela baieztatzen du, eskaintza ekonomikoa funtsezko elementu bihurtuz.

Bulegoak bi arrazoi ikusten ditu horretarako. Batetik, pleguan proposamen teknikoa baloratzeko irizpideak zehaztu ziren modua. Pleguetan ez zen proposamen teknikoen balorazio-irizpideen "zehaztapen eta definizio nahikorik egon". Lanean ohartarazten denez, obra gauzatzeko planari, obraren ezarpenaren azterketari eta egikaritze-prozesuaren azterketa eta azterketari buruzko "balorazioa baino ezin zen egin", baina pleguak gehieneko puntuazioak baino ez zituen finkatu, nola lor zitezkeen zehaztu gabe eta zer elementu balora zitezkeen zehaztu gabe, ezta baloratzeko modua ere.

Eta, bestetik, lizitatzaile bakoitzari buruz egin zen balorazioa. Obraren kontratazio-mahaiko teknikariek bost eskaintzen balorazioa 2018ko garagarrilaren 1ean egin zuten. Txostenean adierazten denez, aurreko egunean jaso zuten enkargua eta "21 ordu baino gutxiago behar izan zituzten, gaueko ordutegitzat jotzen den aldia barne". Bulegoak salatu du eskaintza teknikoek egin zena baino balorazio sakonagoa merezi dutela, "lizitatzaile bakoitzarendako hiru paragrafo idatzi zituzten". 

Gehiago
Txostenak adierazi du lizitaziora aurkeztu ziren enpresek ez zutela deklaratu behar izan beren administratzaileak kontratatzeko bateraezintasun-kasuren batean ote zeuden. Izan ere, espedientean ez zen bete baldintza-agirian jasotako klausuletako bat, eta, horren ondorioz, lizitatzaileei eskatzen zaien erantzukizunpeko adierazpenetik kanpo utzi zen. Beraz, bateraezintasun kasurik balego, ezin izanen zaio pertsona juridikoari bere deklarazioa faltsutzea leporatu. 

Bestetik, lanak egin zituen enpresen elkarteak ez zuen azpikontratisten zerrendarik aurkeztu, ezta konpromiso-gutunik ere. Hezkuntza Departamentuak bulegoari aurkeztutako espedientean kalkulu orri bat baino ez dago, obraren hornitzaileen zerrenda eta hornitzaile horietako 16ren hornidura-ziurtagiriak dituena. "Espedientean ez dagoenez aipatutako dokumenturik, ezin da kontratu honetan egindako kontratazioak zuzenbidearekin bat datozen adierazi", zehazten du txostenak.

Kontratuaren lizitazio fasean, eta gaitasun tekniko profesionala egiaztatzeko, Acciona Construcción SAk obrari atxikitako langileen zerrenda aurkeztu zuen bere eskaintzan. Obra emateko baldintza-agiriko klausuletako batean adierazten zenez, aurkeztutako profesionalen zerrendan edozein pertsona aldatuz gero Hezkuntza Departamentuari jakinarazi behar zitzaiola, aldez aurretik eta idatziz, eta haien egiaztagiriak aurkeztu behar zirela. Hasieratik obrako buru eta arduraduna zerrendan ez zeuden pertsona batzuk izan ziren. "Departamentuak aurkeztutako dokumentazioan horri buruzko frogarik ez dagoenez, egiaztatu da enpresa elkarteak ez duela bete kontratuaren lehenengo klausula, kontratazioa arautzen zuen pleguko 8. klausulari dagokionez, eta kontratazio-organoak ez zuela eragozpenik jarri, ez behintzat kontrakoa espedientean", dio txostenak. 

Erreakzioak 
Chivite lehendakariak nabarmendu duenez, "akats administratiboak egon dira, baina ez dago ustekeriarik. Akats administratiboak ez dira delituak", erantsi du presidenteak. Txibitek gogoratu du Nafarroako Gobernuak eskatu duela bulegoaren txostena, "gardentasun indartuaren konpromisoari erantzunez". 

Felix Taberna lehen lehendakariorde eta Lehendakaritzako eta Berdintasuneko kontseilariak nabarmendu zuenez, txostenaren aurretiazko azterketak "ez du ondare-kalterik egiaztatzen Ogasun Publikoarendako, esleipenen edo interes-gatazken aldetik", kontratazio-mahaietako kideei dagokienez. Tabernak esan duenez, bulegoak egindako txostenak "administrazio-arloan kokatzen dira" eta horietan "bestelako erantzukizunik ez dagoela" nabarmendu du. 

Tabernak adierazi zuenez, gaur egun dagoen "zalantza eta susmoen testuinguruan", Nafarroako Gobernua ikerketa batzordearekin "elkarlanean aritzeko prest" dagoela berretsi du, eta dagoeneko auditoria hirukoitza aktibatu du, "gardentasun indarturako berme osagarriak" eskaintzeko helburuarekin, OANAren txosten horiek barne hartuta.

Taberna presidenteordeak agerraldia baliatu zuen Nafarroako Gobernuak gardentasunarekin eta edozein ustelkeria moduren aurka duen konpromisoa berresteko. "Ustelkeriaren aurkako borrokaren testuinguru honetan, oztopo eraginkorrak jartzen jarraitu behar dugula uste dugu, hau da, gardentasuna, etika, osotasun publikoa eta kontuak ematea", gaineratu zuen.