Beratxa Sport Team taldeko Ane Berastegi Jaka txirrindulari arbizuarrarendako denboraldi gorabeheratsua izan da aurtengoa. Mononucleosiak denboraldi guztia baldintzatu dio, baina abuztuaren 20tik 24ra selekzioak Apeldoorneko (Herbehereak) Junior mailako Munduko Pista Txirrindularitza Txapelketetan aritzeko hautatu zuen, eta "sekulako esperientzia" izan da.
Junior Mundialetan aritzeko deia jasotzea albiste bikaina izango zen.
Berria eman zidatenean oso pozik jarri nintzen, niretako denboraldi hau ez delako oso ona izan. Denboraldiaurrean bi hilabete geldirik egon nintzen, mononucleosia nuelako. Nahiko gaizki pasa nuen. Horregatik Mundialetara joateko albisteak aurrera jarraitzeko sekulako poza eta indarra eman zidan.
Dei hori espero al zenuen?
Pista txirrindularitzan neguan izaten ditugu txapelketak, baina Europako Txapelketak eta Mundialak abuztu aldera jokatzen dira. Denboraldian barna pistako selekzioarekin bizpahiru aldiz egon nintzen kontzentratuta, baina ez nuen uste Mundialera eramango nindutenik.
Aurten Nafarroako pista junior txapelduna izan zara eta Espainiako Txapelketan puntuazioan hirugarren. Gaixo egoteko, ez dago gaizki.
Mononucleosiagatik bi hilabete geldirik egon nintzen urte hasieran, otsaila aldera, hain justu pistako denboraldi bete-betean. Espainiako Koparako baliagarria zen azken proban, Tafallakoan, lehiatu nintzen. Espainiako Txapelketetan egon ahal izateko puntuak behar nituen, eta lortu nituen. Espainiako Txapelketetan hirugarren postua lortu nuen puntuazio proban. Bestalde, Nafarroako txapeldun izan nintzen. Egoera kontuan hartuta, poztekoa da. Izan ere, mononucleosiak jota utzi ninduen: bi hilabete ia-ia etxetik atera gabe egon nintzen, ezin mugitu, lehertuta. Hori denboraldi guztian nabaritu dut, joan zen urtetik hona nituen sentsazioak galdu nituelako.

Tratamenduren bat jarri zizuten?
Mononucleosiak ez du botikarik. Denborarekin pasatzea, hori da erremedio bakarra. Urte osoa gaizki dagoen jendea dago, beste batzuk hilabeteak... Ni oraindik ez nago nire %100ean. Sasoian jartzea pila bat kostatu zait. Denboraldiaurrean bi hilabete galtzea asko da, eta hori urte berean errekuperatzea nahiko zaila da; denboraldi osoa eskatzen du. Baina Munduko Pista Txapelketetan sentsazio hobeak nabaritu nituen, hobetu dudala konturatu nintzen. Ea hurrengo denboraldirako %100ean nagoen.
Mundialetara joan baino lehen Tafallan egon zinen selekzioarekin, kontzentratuta.
Abuztuaren 8tik 16ra edo 17ra egon ginen kontzentratuta, eta bertatik Apeldoornera joan ginen. Belodromoa probatu, eta lehiaketa egunak etorri ziren.
"Mononucleosiak jota utzi ninduen. Ez nago %100ean, baina sentsazio hobeak ditut"
Belodromo batetik bestera aldea dago. Zer moduzkoa da Apeldoornekoa?
Egurrezkoa da. Ez da oso azkarra, belodromoa itsasoaren azpian dagoelako. Faktore horiek eragiten dute. Nahiko zirkuitu gogorra da, zaila.
Taldekako jazarpen modalitatean lehiatu zinen Izaro Etxarri, Leire Almena eta Leire Toledo taldekideekin. Oso ongi hasi zineten. Lehendabiziko seriean zuen erregistroa segundo erdian hobetu zenuten.
Espainiako errekorra apurtu genuen eta errekor berria ezarri (4:39.063). Bosgarrenak izan ginen lehen seriean, lan ona egin genuen.

Nolakoa da jazarpen proba?
Jazarpen proban pistan hamasei buelta egin behar dira ahalik eta denbora gutxian. Taldeko lau txirrindularik parte hartzen dute, eta helmugara hiru txirrindulari elkarrekin sartu behar dira bai ala bai. Bestea atzerago sar daiteke. Horrela, selekzio bakoitzak bere estrategia erabiltzen du. Adibidez, txirrindulari bat aurretik joatea erritmo oso azkarrean, hamasei buelta horietatik hamar bera aurretik doala egitea, eta taldea lanzatuta uztea, gero alderatu eta atzean dagoen hirukoteak lana bukatzeko. Hori izan daiteke estrategietako bat.
Zein eginkizun egokitu zitzaizun?
Lehenengo seriean taldea lanzatuta uzten zuena izan nintzen, aurrean nindoana, eta bigarren seriean helmugara beste bi txirrindularirekin batera iristen zenetako txirrindularietako bat. Lehen seriean urduri hasi ginen. Buelta bakoitza segundo bat gutxiagoan ematen genuen. Oso azkar hasi ginen, eta bukaeran nabaritu genuen, baina pozik bukatu genuen, Espainiako errekorra apurtu eta sailkapenean bosgarren izan ginelako. Bigarren seriean berriro ere nahiko azkar hasi ginen. Aurreikusitakoa aldatu zen, printzipioz aurretik zegoen txirrindularia, taldea lanzatuta utzi behar zuena, helmugan batera sartu behar zirenekin sartu zelako. Horregatik denbora pixka bat galdu genuen, atzetik geundenak azkarrago egin genezakeelako, aurretik doana beti lehertuta geratzen baita. Hala ere kontentu bukatu genuen, zazpigarren izan ginen. Gure proba britainiarrek irabazi zuten; munduko errekorra apurtu zuten.
Aurreikusitako emaitzak izan ziren?
Perspektiba batzuekin joan ginen Mundialetara, eta orokorrean atera ziren. Selekzioa eta gu ere bai oso pozik gaude egindako lanarekin. Mundialetan aritzea sekulako esperientzia izan da. Jende berria ezagutzen duzu, kanpotarrak... Oso polita izan zen.
Mundiala bukatu eta etxerako bueltan omenaldia egin zizuten Arbizun.
Ez nuen espero, sorpresa izan zen. Nire lagunek, udalaren laguntzarekin, antolatu zuten. Justu etxera iritsi nintzen unean izan zen, Arbizura iristen ari ginela. Gurasoek zerbait bazekiten, baina ez zidaten ezer esan.
Arbizura iritsi eta jende guztia plazan zure zain.
Plazan jende pila bat zegoen. Nire lagun eta Beratxa txirrindularitza taldeko taldekide Siets Goikoetxeak aurreskua dantzatu zidan, lagunek loreak eman zizkidaten, udalak Arbizuko armarria duen zapia edo ttattarra... Hunkitu nintzen, egia esan. Polita izan zen, oso pozik nengoen. Herriaren eta lagunen berotasun hori sentitzeak sekulako indarra ematen dizu.
Aurtengoa junior mailako zure azken denboraldia da. Txirrindularitzan jarraituko duzu?
Orain mailaz pasako naiz, 23 urtez azpiko maila amateurrera. Oraindik ez dakit zein taldetan ariko naizen; horretan nabil, aukera ezberdinak aztertzen. Pista txirrindularitzan ez da juniorretan bezala izango; hau da, 23 urtez azpikoan ez dago Espainiako Koparik ez bestelako probarik, soilik Espainiako Txapelketak eta gutxi gehiago. Ni pistan eta errepidean segitzeko gogoekin nago; ea datorren urtean zer moduz nabilen.
Juniorretik afizionatuetara dagoen koska edo salto hori ematea ez da erraza.
Taldea bilatzea ez da erraza, eta prestatze aldera ere aldaketa da. Entrenamendu ordu gehiago, lasterketa luzeagoak, erritmoa ere handitzen da... Gehiago entrenatu beharra dago.
Zer moduz joan da aurtengo errepideko denboraldia?
Errepidekoa ere ez da denboraldi normala izan; gorabeheratsua izan da. Ez ditut aurreko urteko sentsazio berak izan. Dagoeneko denboraldia bukatu dut, ez ditugu lasterketa gehiago.
Mononucleosiak sortutako egoera kontuan hartuta, egindakoarekin pozik zaude?
Egoera kontuan hartuta, bai, okerragoa izan litzatekeelako. Ea hurrengo urtean gauzak hobeto ateratzen diren.