Ezkurdia atzelari gisa mustu zen Logroñoko sanmateotan. Aurrelari arbizuarrak ez zuen erronka makala, baina Altunaren ezinbesteko laguntzarekin bi pilotariak ezin hobeto aritu ziren Zabala errioxarraren eta Zabaleta jotzaile handiaren kontra. Partidak ikusmin handia piztu zuen.
Adarragako ikusle gehienak Zabalaren alde atera ziren, jakina, baina Altunak eta Ezkurdiak sendo ekin zioten partidari, bikote ederra osatzen dutela erakutsiz. Ezkurdia sendo ageri zen atzeko koadroetan, Zabaleta jotzaile handiari aurre eginez. Eta hasieratik aldea ateratzen hasi ziren, 4-1. Zabalak eta Zabaletak ez zuten etsi, eta zortzina berdindu zuten. Baina hortik aurrera hasi zen Altunaren eta Ezkurdiaren erakustaldia. Tantoak bata bestearen atzetik egiten hasi, eta Adarraga isilarazi zuten. 17-11 aurreratu ziren gorriak, takada ederrean. Azkenean, 22-15 irabazi zuten, eta San Mateo torneorako kontuan hartzeko bikotea direla erakutsi zuten Altunak eta Ezkurdiak.
Seitik jokatu zuen Ezkurdiak. Altunak pilota zikin asko kendu zizkion Ezkurdiari, eta arbizuarra bolea ikusgarriekin eta zuen guztiarekin defendatu zen. Zabaleta, aurrean hiru pilotari zituela, ez zen eroso egon, eta Zabalak bere onetik aterata eta eskuin eskua gaizki bukatu zuen. Elordik hartuko du bere tokia.
Hurrena
Altunak eta Ezkurdiak Artola eta Salaberri izanen dituzte aurkari San Mateo Torneoan. Partida irailaren 26an jokatuko da, 21:00etan.