Arbizuko Udalak Kattuka haur eskola egokitu eta bi unitate berri egin ditu udan. Hala haur eskola sei unitate izatetik zortzi izatera pasa da. Lan horrekin 24 plaza gehiago sortu dira, eta guztira ehun bat ditu. Obra horrekin udalak Sakanan dagoen haur eskoletako plazen eskaerari erantzun nahi izan dio. F.J. Razkin Flores alkateak azaldu duenez, "gaur egun zortzi unitateetatik zazpi ari dira erabiltzen".
Haur eskolan egindako egokitzapenei dagokienez, alde batetik, psikomotrizitate gela (71,27 m2) zena 1 eta 2 urte arteko haurrendako gela bikoitza bihurtu da, bakoitza dagokion komunarekin. Bestetik, siestetarako gela sortu da. Harako sarbidea komunetik eta kanpokoa aldetik dago.
Horretaz aparte, bainera duen aldatzeko altzaria jarri da komunean. Aldi berean, erabilera anitzeko espazioa bitan banatu da. Bata psikomotrizitate gela berria da (113,30 m2) eta bestea siesta gela (37,70 m2). Kanpoan dagoen estalpea luzatu egin da. Bestelako lan txikiagoak ere eginen dituzte, eraikina guztiz egokitzeko. Arbizuko Udalak 50.000 euro inguru bideratu ditu lan horietara.
Lanak eginda, espazio berriak hornitzeko sehaskak, koltxoiak, babesleak eta edredoiak, lo zakuak, aldatzeko altzaria, komunerako eskailerak, armairuak, pixoihalak uzteko altzaria, hesia eta altzariak erosi ditu Arbizuko Udalak. Horretarako aurrekontua 20.000 euro ingurukoa izan da. Guztira 70.000 euro.
Txistorraren eguna eta lanak
Lastailaren 12an ospatuko da. Kale Nagusian, plaza parean, galtzada harriak gaizki zeuden eta 150 m2-an porlana zabaldu dute eta galtzada harri itxura eman diote ondoren. Lanen bermearekin egindako obra izan da. Fernando Urkia kaleko lanak despeditzeko hilabete inguru faltako da. Haren eta Nagusia kalearen bidegurutzea ospakizun egunerako prest egonen da oinezkoendako, ez autoendako. Horregatik, udalak erabaki du egun horretako azokako postuak kalean gora jartzea, hegoalderantz.
Razkinek jakinarazi duenez, "eguraldi txarra egiten badu eszenatokia estalpean jarriko dugu. Toldorik ez dugu berriro jarriko. Pasatakoa eta gero, ez litzateke zentzuzkoena".