Asperen esperimentua, Ezkurdia atzelari jarri eta Altunarekin bikotea osatzearena, Logroñoko sanmateotako sorpresa politenetakoa izan da. Ezkurdiak maila oso ona eman du atzeko koadroetan, eta Altunaren laguntza ederrarekin bikoa San Mateo torneoko finaletara sailkatu zen Zabala-Zabaletari (22-15) eta Peña II.a-Salaverri II.ari (22-8) irabazi eta gero.
Irailaren 28an, igandea, jokatutako finalean Altuna-Ezkurdiak Jaka eta Iztueta zituzten aurkari. Finala erritmo oso bizian jokatu zen, eta Ezkurdia primeran moldatu zen atzeko koadroetan. Nolanahi ere, lau pilotariak oso aurrean zirela jokatu zen finala. Altuna eta Ezkurdia, gorriak, aurreratu ziren hasieran, 5-1. Baina Jakak eta Iztuetak ongi erantzun zuten. Pilotakada ia guztiak ezker-horman gurutzatzen saiatu ziren, Ezkurdiaren boleak zailtzeko, eta hanketara jokatzen hasi ziren. Horrela, bosna berdindu zuten. Hortik aurrera partida izugarri gogortu zen eta gorabeherak izan ziren markagailuan, baina parekotasuna izan zen nagusi. 12-11 joan ziren lehen atsedenaldi luzera, eta hortik bueltan 12-16 aurreratu ziren Jaka eta Iztueta.
Ezkurdiak ongi eutsi zion partidari, baina azken txanpan Iztuetak gora egin zuen, eta gorrien presioari ongi eutsi zion. Erik Jakak ere asko asmatu zuen, eta, azkenean, 18-22 gailendu ziren Jaka eta Iztueta. San Mateo trofeoaz gain, Iztuetak pilotari onenaren saria jaso zuen. Altuna eta Ezkurdia tente erori ziren; sanmateoetako sentsazioetako bat izan dira.