Astekaria

"'Mitoaroa' zer den deskubritzen ari naiz"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko urriaren 8a

Pello Reparaz San Mamesen. IKER GOZATEGI

'Mitoaroa I' eta 'Mitoaroa II' ondoren San Mames izanen da Pello Reparazen ZETAKen ikuskizunaren hurrengo geldialdia; Zinemaldian zuzeneko film laburra grabatu zuten ere.

San Mamesen izango du hurrengo erronka ZETAKek 2026ko ekainaren 19an eta 20an; 20ko sarrerak salmentan jarri eta egun berean agortu ziren, eta 19rako gutxi batzuk gelditzen dira. Iruñeko Mitoaroa I eta Ilunbeko Mitoaroa II-ren ondoren, etorkizunera bidaia egingo du Pello Reparazek Mitoaroa III: Mariren etorrera ikuskizunean. Tartean Zinemaldian film labur bat grabatu zuten, eta abenduan abesti berria kaleratuko du. 

Nola kudeatzen da gertatzen ari zaizun hau guztia? 
Ez dakit; oraindik ez dakit nola kudeatzen den. Agian hemendik hilabete batzuk barru esango dizut, baina proiektu batetik bestera salto egin dugu, eta pixka bat odisea horretan bizi gara. Orduan, ingurukoen laguntzaren eta terapiaren arteko konbinazio batekin espero dut hurrengo hilabeteetan ondo ulertzea gertatzen ari zaigun hau guztia, eta digeritzea. Ikusiko dugu. Momentuz, ez dakit erantzuten. 

Oraindik oinak lurrean jarri gabe? 
Hori da. Agian hori izango litzateke egokiena, baina proiektu batetik bestera salto egin dugu. Ez bakarrik Mitoaroa I-etik II-ra egin dugun saltoa; Ilunbe pasa eta Zinemaldian Sartagudako alargunen inguruko film labur baten zuzeneko grabaketan sartu gara, eta hemendik beste gauza batera goaz, San Mames. Azkenean, zurrunbilo moduko batean zaude eta oraindik ez daukazu ikuspegi orokorra garatzeko gaitasunik. 

Baina gustura.
Guk musika herrikoia egiten dugu, eta musika herrikoia egiten dugun horretan harreman batez ari gara, jendea eta gure proiektu artistikoaren arteko harreman bat; harreman horretan bistakoa da jendeak gureari babes ikaragarria ematea erabaki duela, eta modu batean edo bestean mezua heltzen eta ulertzen dela. Ikaragarri poztekoa da; gauza handia da, eta musika herrikoiaren testuinguruan ospatzeko zerbait. 


Ilunbeko 'Mitoaroa II'. MARIO LEZAUN 

'MITOAROA'
Hasieratik 'Mitoaroa' trilogia bat izan behar zela bazenekien? 

"Azken hilabetetan forma asko aldatzen joan da, proiektua oso-oso bizirik dagoelako"

Oraindik ez dakit trilogia bat den. Narratiboki bai; lehen Mitoaroa-tik intentzio bat dago, kontatzeko istorio sakonagoa edo osatuago bat. Hori hor dago. Gero egia da forma asko aldatzen joan dela hilabete hauetan, proiektua oso-oso bizirik dagoelako eta oso likidoa delako. Lan taldea ikaragarri motibatuta dagoelako honekin, eta horren eragina da momentuoro aldaketak, hobekuntzak eta norabide aldaketak jaso daitezkela. Hori da ZETAK, eta Mitoaroa-k ere filosofia horretatik edaten du. Hasieratik intentzio bat dago, baina proiektua ikaragarri likidoa dela esan dezakegu. 

Beraz, San Mamesekoa ixteko duzue? 
Noski ixteko dugula. San Mameseko narratiba idatzita dago: zer gertatuko den, istorioak narratiboki eta kontzeptualki nondik eramango gaituen idatzita dago. Gauza da horrek zer forma, zer formatu eta zer inplantazio hartzen duen, eta zer errekurtso narratibo eta tekniko erabiliko ditugun dena transmititzeko eta hori kontatzeko. Horretan ari gara orain lanean. 

Nola sortu zenuen 'Mitoaroa'-ren unibertsoa? Nola izan da prozesua? 
Nik ez dakit hau egiten, geroz eta argiago daukat. Nik lan egiten dut. Orduan, Mitoaroa zer den deskubritzen ari naiz ia gure publikoak deskubritzen duen heinean; ez aldi berean, baina ia-ia bai. Hain da guretzat berria mundu eta formatu hau, momentuoro ari garela gauzak deskubritzen. Gogoan dut Mitoaroa I-en aktoreen parte hartzea ez zegoela kontenplatuta, eta bi hilabete lehenago, zerbait azaltzeko errekurtso narratibo bat behar nuen, publikoari ideia bat helarazteko, eta azkenean Javier Botetekin lan egitea otu zitzaidan, jentil marjinatu moduko bat sortzeko, eta honen bidez beste gauza batzuk transmititzeko. Uste dut egun horretan dena aldatu zela. Bat-batean ikusi genuen bazegoela gure Mitoaroa-n beste errekutso bat, errekurtso aktoril bat, erabil genezakeena gure mezuak hobe transmititzeko. Hori bi hilabete lehenago izan zen. Horrek Mitoaroa I-erako forma hartu zuen bi hilabete horiek utzi zigutenarekin. Inflexio puntu horrek agian Mitoaroa II-n eragin gehiago izan zuen I-ean baino. Egia da Mitoaroa II-ren lanketa hasten garen lehenengo egunetik badakigula hor dagoela errekurtso bat, Javier Botet dela, eta gero Yune Nogueiras izan dena, Josean Bengoetxea, Aitziber Garmendia eta abar. Etengabe gauzak deskubritzen goaz. Hori da pixka bat egiten duguna; hori da Mitoaroa. Norbaitek uste badu dena ikaragarri argi dugula eta aurrerapen ikaragarriarekin eta aurretik gauzak ikusteko ezohiko gaitasun bat dugula, oso okertuta dago. Guk lan eta lan egiten dugu, eta unibertso hau deskubritzen ari gara; probak egiten eta terreno berriak hartzen. 


Ilunbeko 'Mitoaroa II'-n Pello Reparaz eta Aitziber Garmendia. MARIO LEZAUN

Nola pentsatu zenuen 'Mitoaroa'-ren oinarria? Esanahia? 
Nik Aaztiyen-ekin fikzioa jorratzeko grina iristen zait. Uste dut abestigintzan, Euskal Herrian, fikzioa nahiko baztertuta egon dela. Gauzak egin dira, eta ikaragarriak gainera, baina sentitzen nuen hor bultzada emateko aukera genuela. Unibertsoa sortzera bidean eta Aaztiyen-en mitologiaren aldeko apustua ikusita, aldi berean Paul Urkijoren Irati filma berriz ikusi nuen eta horrek bultzada eman zidan esateko: "Zergatik ez dugu guk horrelako fikziozko narratiba globalago bat planteatzen gure abestien gainetik?". Hori izan zen hasiera batean ideia. Narratiba honek Aaztiyen unibertsotik edan du, eta zinematik edaten duela ere sinisten dut; kasu honetan Irati-k egin zuen horrelako inflexio puntu bat ere. 

Nola hartu ditu lan taldeak egindako proposamenak? 
Mitoaroa-k daukan gauzarik onena lan taldea da. Zalantzarik gabe. Nik sinisten dut, eta lan talde osoak komentatzen duen zerbait da. Departamentu buru punta-puntakoak ditu Mitoaroa-k: Isabel del Moral, Laura Diez, Katrin Ginea sakandarra, Artzai sakandarra ere... Uste dut ikaragarri ondo ulertu dutela hau guztia, eta hori garrantzitsuena da. Ikaragarri ondo ulertu dute hau ez dela sekula egin, hau ez dela norbaiti disko bat grabatzeko eskatzen diozula; ez da hori. Hau da: ez dakigu nora goazen. Badakigu zer kontatu nahi dugun, baina ez dakigu nora goazen. Beraz, ez da erraza izango eta abentura horretan parte hartzeko halako esfortzu berezia egiteko prestutasuna duen jendea da guri baiezkoa eman diguna. Ez garelako multinazional bat; ez dugu Warner, Universal edo Sony bat atzean. Ez dugu azpiegitura hori. Gu geu ari gara azpiegitura hori sortzen, eta horrek zailtasun asko dakartza eta prozedura falta horri aurre egiteko modu bakarra gogoa, ilusioa eta proiektuan sinistea dira. Horixe da lan taldeari eskertu diezaiokedan gauza nagusia. 

FILOSOFIA
'Mitoaroa III'-n etorkizunera bidaia egingo duzu, eta Mari agertuko dela aurreratu duzu. 
Mariren etorrera deitzen da Mitoaroa III. Fikzioaren aldarrikapen ariketa horretan ari naiz ukitzen Mitoaroa-k har ditzakeen forma desberdinak. Iruñekoa 2025ean girotuta dago eta bi unibertso desberdin daude. Mitologikoek ihes egin dute. Mitologikoak dira gure inauterietako pertsonaiek errepresentatzen duten kolektiboa; mitologia eta inauteriak bi gauza desbedin dira, eta horretaz ari gara, crossover batetaz ari gara, eta fikzioaz ari garenean egin dezakegu eta egiten dugu. Hori da Mitoaroa. Iruñekoan izaki mitologikoek ihes egin dute eta gurera etori dira. Horrela amaitzen da; Aralarko Dama abestiarekin festa batean. Ilunben prekuela bat egin dugu. Mitoaroa II-n denboran bidaia egin dugu eta XV.-XVI. mendera joan gara, non gure fikzioan mitologikoek ihes egin dute, eta hemen dago Ilunbeko mezurik garrantzitsuena: inkisizioagatik ihes egin zutela, baina gure fikzioan gizakiak berak ukitzen duen guztia suntsitzen duelako ihes egin dute ere, patroia zabalagoa da. Inkisizioa ez du inork maite, espero, baina haratago doa. Gizakia bera da, eta gure naturak berak egin zuen gure fikzioan mitologikoek ihes egitea. Horregatik amaitzen da pertsonaia batzuen sakrifizio publikoarekin. Orain George Orwelli keinu egiteko garaia da, eta 1984 liburua erreferentziatzat hartuz eta keinu eginez, 2084 urtera joko dugu Mitoaroa III etorkizun distopiko baten markoan kokatzeko. Kontrapolarizatuta, poliziala, militarra... Hortik joko dugu. Fikzioa aldarrikatzeko bidean ikaragarri miresten dudan Orwellen lanak eragina izan behar zuen Mitoaroa-n. 

Zuzeneko film laburra grabatu zenuten Zinemaldian. Nola sortu zen? 

"Sartagudakoei gogo, esfortzu eta ardura hau eskaini diegu; ederra izan da"

Erokeria izan da; gehienbat Ilunbetik irten eta honetan sartu garelako. Guk badugu Nafarroa Hegoaldera begiratzeko konpromisoa. ZETAKek Nafarroako iparraldean, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian espazioak hartzeko aukera dauka, baina Nafarroa Hegoaldean ez da horrela. Iniziatibak gurea izan behar du, bestela ez gara bertan joango. Orduan, Andosillan izan ginen eta, udan, Sartagundan kontzertu bat eman genuen. Bertako historia ezagutzen, alargunen istorioan sakonago sartu nintzen; ulertu nahi izan nuen, zer izan zen hura, beraien historia ikasi, eta benetan hunkitu ninduela kontzertu horrek. Sartagudako jendearekin, gazteekin, bertan euskararen alde borrokan dabiltzan gazte eta ez hain gazte horiekin hartu eman ezin ederragoa izan genuen kontzertu horren markoan; haiei esker atera zen kontzertu hori aurrera.

"ZETAK-en DNAn dagoela uste dut; proiektuaren konpromisoarekin bat dator"

Hor zerbait piztu zela sentitzen dut. Piztu zen hori, modu batera edo bestera, ikusi nuen guk ahots nahikotxo dugula ezinbesteko nafar istorio hori jarraitzen gaituen jendeari helarazteko. Orduan, aukera ederra suertatu zitzaigun El Terrat produktorakoek eskaini zigutenean Zinemaldian parte hartzea. Eurek eskaini zigutena izan zen bi abesti jotzea, eta guk bueltan bota genien zuzenean film labur bat grabatzea. Hori da egin duguna. Sartagudako alargunen eta eraildakoen istorioa jendeari helarazteko film labur baten grabazioa egin dugu. Ederra izan da. Azkenean, uste dut ZETAKen DNAn dagoela eta proiektuaren konpromisoarekin bat datorrela. Hori sentitzen dugu, eta Sartagudakoei gogo, ilusio, esfortzu eta ardura hau eskaini diegu.

ETORKIZUNA
Abendurako abesti berria kaleratu duzu, ezta? Lan berri baten aurrerapena? 

Abesti berria kaleratuko dut; ez da lan berri baten aurrerapena. Abesti honek bizi propio eta zergati propio bat izango du, niretzako oso garrantzitsua den zergati bat. 

Zer gelditzen zaizu egiteko? Horretan pentsatzen duzu? 
Nahiko nuke horretan pentsatu, egia esan. Egia da ez dudala betarik izan esertzeko eta pentsatzeko. Argentinara biran goaz, eta agian egun horietan tartea hartuko dut nire buruarekin hausnartzeko eta ikusteko zer datorren gero. Azkenean, bizitza pasatzen dugu etorkizunera begira eta etorkizuneko proiektuak lantzen. Atzera begiratu eta zer ikusten dut? Txarrenari onena atera genuen momentu hori, Altsasuko abestia; ez zegoen nire plangintzan, eta egin ditudan lanetatik oso txoko berezi batean gordetzen dut. Sartagudakoa ere duela bost hilabete ez zegoen plangintzan, eta orain niretzat ezin bereziagoa den txoko batean gorde nahi dut. Ziur nago halakoak sortuko direla. Alde horretatik, nahiko lasai nagoela esan beharra dut. Uste dut izango dugula zer esana, zer sortua eta zer eragin gizartean. Lanean jarraitu behar.