Txistorraren Egunak doinurik badu, hori trikitixa eta panderoarena da, Arbizuk Nafarroako Trikitilarien Bilkura eta eskolarteko jaialdia hartu baitzuen.
Noiztik daude lotuta txistorra eta trikitixa?
Trikitixa jatorduen inguruan mugitu izan ohi da; bazkalostean, afalostean. Kasu honetan hamaiketakoa antolatzen dutenez, horren ondoren moldatutako zerbait da gurea.
Nolaz sortu zen lotura hori?
Bertako jendea hasi ginen, goizean bildu eta herri guztian barna kalejira egiten genuen. Duela 8 edo 9 urte Txistor Eguneko arratsaldea hanka motz gelditzen zela ikusten zen. Eta bertako eskolako ikasleekin jaialdi antzeko bat antolatzen hasi ginen. Poliki atera zen. Joleak eta jendea gustura gelditu ziren. Eta orduan pentsatu genuen Nafarroako eskolen jaialdi bat antola genezakeela. Eta horrela hasi ginen, eta hala segitzen dugu.
Kalejiran zaudetela, jendeak dantzatu edo kantatzen du?
Ez, kale guztiak jendez beteta baitaude. Beraz, gora eta behera ibiltzen gara kale Nagusian. 11:00ak aldera elkartzen gara, eta buelta. Beharbada 70 trikitilari eta pandero jole gara, Lizarraldea, Lekunberri, Lesaka, Iruñeko Alde Zaharra, Barañain, Zizur Nagusia, Txantrea, Bakaiku, Iturmendi, Altsasu eta Arbizukoak. 12:30 aldera gosaria ematen digute behean. Bazkal garairako askok alde egiten dute.
Badu hausporik trikitixak Nafarroan?
Bai, badu. Baina horrela segituz, beti zerbait antolatzen eta bulkatzen, bide hori segituz.
Sakanan trikitixak osasuna du?
Bai. Pozik handiena da gaztetxoek eta helduek jotzen dutela, jubilatuek eta guzti. Eta helduek pila eskertzen dute.
Non ikasten dute?
Musika eskolatan, bai edo bai, solfeoarekin jotzen ikasi behar duzu. Aparte ematen ditugun eskolak solfeorik gabekoak dira. Horietan trikitixa jotzeko bi modu daude: zenbakiekin edo aurrez aurre jarri eta joz. Jende gehiena solfeorik gabe ikasten du.
Ikasi eta kalerako pausoa.
Gure nahia ez da jendea 30 pieza ikasi arte kaiolan sartuta ikasten edukitzea. Bizpahiru pieza ikasi eta gurekin etortzen dira. Pieza horiek jotzea tokatzen denean joko dute. Ikasleari bulkada izugarria ematen diozu horrela. Motibatzeko modu berezia da.
Zer sentitzen duzue jendea inguruan dantzan edo kantan aritzean?
Izugarrizko gorakada izaten da. Trikitixa jaialdia antolatzen dugu (aurten Lesakan) eta ondorengo afaria izaten da... Soinua jo eta kantaz goizeko laurak, bostak edo seiak arte.
Eta arratsaldean?
Nafarroako Trikitixa Eskolen VIII. Jaialdia. Tutera, Lizarraldea, Lekunberri, Lesaka, Iruñerriko hainbat eskolatakoak... Bakoitzak eszenatokian bizpahiru pieza jo zituzten, haurrak, gazteak edo helduak. Bi ordu inguruko saioa izan zen, plazan. Oso ongi jotzen duen jendea etortzen da.
Ikasturte hasiera izanda, behatzak arin edo motel dabilzkie?
Oporren aurretik egiteko lan batzuk jartzen dizkiegu. Eta oporretan lan egin badute, gero nabari da.
Halako jaialdi gehiago izaten dira?
Bai. Etxalarren eta Lesakan. Elizondokoan bakarrik bertako eskolakoak aritzen dira.
Txistor Egunekoa antolatzen zenbat zeundeten?
Ez dago halako lanik. Aurretik eskolei jakinarazten diegu. Bizpahiruren artean egiten dugu dena. Gure egitekoa herria alaitzea da, eta ikasleak jendaurrera atera. Gu ere jo eta jo ibiltzen gara, gauera arte. Zera guztiak jaso eta gero gure kontu ibiltzen gara tabernatik tabernara. Harik eta esaten diguten: nahikoa da.