Gasteizko Ogeta pilotalekuak hartuko du Lau eta Erdiko finalerdietako lehen kanporaketa azaroaren 1ean, larunbata, 17:30ean (EITB1). Joseba Ezkurdiak Javier Zabala du aurkari azaroaren 16ko Bilboko final handirako txartela lortzeko deman. Bi pilotariak ilusionatuta eta gogotsu daude, baina bide eta egoera ezberdinetan iritsi dira finalerdira.
Javier Zabalak ez zuen final laurdenetako hirugarren jardunaldia jokatu, Jokin Altunak baja egin zuelako eta horrek errioxarrari finalerdietarako zuzeneko txartela eman ziolako. Beraz, astebeteko atsedenarekin iritsiko da finalerdira, gogotsu eta sasoiko.
Erresonantzia
Aldiz, Joseba Ezkurdiak Peio Etxeberria izan zuen aurkari urriaren 24an Elizondon. Partida hasieran pilotakada baten ondorioz eskumuturrean oinazeak nabaritu zituen aurrelari arbizuarrak. Partidan bertan masajea hartu zuen, eta nahiz eta partida bukatu (22-10 galdu zuen) bere mailatik oso urrun jokatu zuen. Urriaren 28ko material aukeraketara eskumuturra minberatua zuela iritsi zen arbizuarra, baina finalerdira begira baikorra zen. "Gutxika ari naiz. Urriaren 27an erresonantzia egin nuen eta emaitzek esan dute eskafoideetan kontusioa dagoela, ez dagoela aparteko ezer larririk ez hausturarik. Oraindik oinaze batzuk ditut, baina behera egin dute. Optimista naiz".
Lau eta Erdiko hiru txapela dituen txapeldun handiak ez du aste honetan entrenamendurik egin. "Eskuak landuko ditut, pixka bat piloteatu, baina ez dut entrenatuko, arduragatik". Argi du zer den egin beharrekoa: "ahalik eta hobekien errekuperatu, eta eskumuturra ongi jarri". Lasai egoten saiatzen ari da arbizuarra. "Nire eskuetan dagoen guztia egingo dut ahal den hobekien heltzeko. Ez diot buelta askorik ematen, optimistak izan beharra dago".
Gakoak
Argi du zeintzuk izango diren partidaren gakoak. "Partidaren erritmoa jartzen saiatzea, Javik dominatzen badu abiadura asko jartzen duelako eta min handia egiten duelako. Hortaz, erasokor jokatuz Javi mugiarazten saiatuko naiz, deseroso egon dadin. Tentsio handiko partida izango da, erritmo handikoa, urduritasunarekin jokatuko dena, partida polita. Kantxan dena ematera aterako gara, sufritzeko mentalizatuta. Ea zer ateratzen den".
Pilota "mantsoak"
Pilotariek azkar aukeratu zuten materiala. Aurrelari arbizuarraren iritziz, "txapelketa guztian barna egon diren piloten antzekoak dira. Otzanak dira, mantsoak. Materiala nahiko jaitsi dute". Zabalak azaldu zuen gustukoen zituen pilotak Ezkurdiak hautatu zituela, "horregatik beste mota batekoak hautatu ditut". Ikuskizuna hastera doa.