Areto futbola

Arbizuk irabazi, baina Xotak eta Altsasuk galdu

Guaixe 2025eko urriaren 30a

Arbizuk Altsasu hartuko du derbi sakandarrean.

Gizonen maila autonomikoko bosgarren jardunaldiak hiru puntu utzi zituen Sakanan. Seigarren jardunaldiak Arbizu eta Altsasuren arteko derbia dakar

Gizonen maila autonomikoan Arbizu Kirol Taldea izan zen garaipena ospatu zuen talde sakandar bakarra. Arbizuarrek Iruñean jokatu zuten, Anaitasunaren kontra, eta hasieratik gailendu ziren. 37. minuturako 0-4 aurreratu ziren Andoni Goikoetxeari, Antton Igoari (2) eta Jon Chamorrori esker. Anaitasuna 2-4 hurbildu zen, baina Mattin Petriatik Arbizuren bosgarrena sartu zuen partida bukatzear zela eta 2-5 irabazita itzuli ziren arbizuarrak. 

Aldiz, Xotak ezin izan zuen Antsoaindik punturik ekarri. Gazte Berriaken kontra jokatutako partidan, lehen zatian bi taldeak parez pare aritu ziren, baina markagailua ez zen mugitu. 48. minutuan Gazte Berriakek gola sartu zuen, eta 2 minutu beranduago antsoaindarren bigarrena iritsi zen. Asier Astizek 2-1 hurbildu zuen Xota, baina Gazte Berriakek partida bukatzear zela hirugarrena sartu zuen, eta 3-1 galduta itzuli ziren irurtzundarrak etxera.

Altsasuk Cantera taldea hartu zuen Zelandin. Partida borrokatua izan zen, golez jositakoa. 0-2 aurreratu zen Cantera, baina Oier Cuerdok 1-2 gerturatu zuen Altsasu. Segidan Cascanteko taldeak beste bi gol sartu zituen (1-4), baina Altsasuk primeran erantzun zuen. Eneko Iraurgik (2) eta Oier Cuerdok launa berdintzea lortu zuten, Zelandiren gozamenerako. Tamalez, Cantera esnatu zen eta hiru gol sartu zituen segidan, Altsasu zapuztuz (4-7). 

Lehen maila autonomikoko liderra Ibararte da (15 puntu), Gazte Berriakekin berdinduta. Arbizu Kirol taldea laugarren da (9 puntu), Xota seigarren (6 puntu) eta Altsasu hamabigarren, punturik gabe. Seigarren jardunaldiak derbia dakar. Urriaren 31n, ostirala, Arbizu Kirol Taldeak Altsasu hartuko du Arbizuko kiroldegian, 19:30ean. Xotak, aldiz, Vulcanizados Ruiz Tafa hartuko du azaroaren 1ean, 12:45ean, Atakondoan.