Pilota

Zabalak Ezkurdia zanpatu zuen

Guaixe 2025eko azaroaren 3a

Ezkurdia deseroso egon zen partida guztian. UTZITAKOA

Errioxarrari dena atera zitzaion bitartean arbizuarrak deseroso jokatu zuen, bere mailatik oso urruti. Partida bukaeran egin zuen jokoarekin oso kritiko eta triste azaldu zen.

Azaroaren 1a ez du nolanahi ahaztuko Joseba Ezkurdiak. Lau eta Erdiko finalerdia zuen jokoan Javi Zabalaren kontra, Ogetan. Peio Etxeberriaren kontra final laurdenetako hirugarren jardunaldian eskuin eskumuturrean hartutako kolpea hobera zioan eta “optimista izan beharra zuela”, argi zuen arbizuarrak. Tamalez, zaplazteko ederra hartu zuen, Javi Zabala bere gainetik pasa zelako (6-22), eta arbizuarrak ez zuen inolako aitzakiarik jarri nahi izan: “finalerdi txarra jokatu dut, ez diot pilotari ezer eman” aitortu zuen bukaeran. 

Finalerdia bizi-bizi hasi zen. Ezkurdia zein Zabala, biak ongi hasi ziren kantxan. Hiruna eta launa berdindu zuten, eta finalerdi on baten atarian zeuden Ogetan bildutako pilotazaleak. Baina launako berdinketatik aurrera Zabalak gora egin zuen etengabe, eta, aldiz, deseroso eta ezinean aritu zen Ezkurdia. 18 eta 2ko partzialari esker, 6-22 gailendu zen errioxarra. Dena atera zitzaion ongi, eta, aldiz, guztia gaizki arbizuarrari. Aurpegia ere desitxuratua zuen, bere gorputzean egongo ez balitz bezala, koordinazioa galduta. Javi Zabalak meritu handiz lortu zuen garaipena, eta azaroaren 16ko Bilboko finala Peio Etxeberriaren kontra jokatuko du, azken honek Jokin Altuna 9 tantotan utzi eta gero. Ez da esperotako finala izango, Ezkurdia eta Altuna faboritoak baitziren, baina tarteka halakoak gertatzen dira. 

Triste eta haserre
Joseba Ezkurdia jota azaldu zen kamaren aurrean. “Aukera ederra nuen finalera sailkatzeko, eta ez dut aprobetxatu. Kolpe gogorra da. Hasierako tantoetan izan ezik, ez naiz partidan sartu, eta finalerdi batean ezin da horrela jokatu” aitortu zuen. Ez du eskumuturraren ez bestelakoen aitzakiarik jarri nahi izan. “Ez diot pilotari eman, besterik ez”.