Ezkurdiak eta Altunak azaroaren 9an jokatuko dute Lau eta Erdiko hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida, Arrasateko Uarkape pilotalekuan (17:30, ETB1). Nahiz eta biak faborito izan, kolpe latza jaso zuten finalerdietan, Javi Zabalak Joseba Ezkurdia sei tantotan utzi baitzuen, eta Peio Etxeberriak Jokin Altuna bederatzitan. "Aukera ederra nuen finalera sailkatzeko, eta ez dut aprobetxatu. Horren pena dut. Kolpe gogorra da. Hasierako tantoetan izan ezik, ez naiz partidan sartu, eta finalerdi batean ezin da horrela jokatu" aitortu zuen Ezkurdiak, burumakur. Bi urte baziren finalerdietan ez zela sartzen. "Hotzean pentsatuta berriz ere aurreneko lau postuetan sartu naiz eta hurrengo urtean berriz ere ligaxkan egongo naiz; neure buruari erakutsi diot hor goian egoteko banagoela, baina pena hori dut".
Etzi hirugarren postuagatik borrokatuko dute Ezkurdiak eta Altunak, zauria nolabait arindu nahian. Azaroaren 5ean egin zuten materialaren aukeraketa, normaltasunez, eta finalerdietan gertatutakoa albo batera utzita, umoreari tokia egin zioten argazki saioan. Bilboko podiumean egotea dute jokoan, sari gazi-gozoa.