Arrasateko Uarkape pilotalekuan 700 pilotazale baino gehiago bildu ziren Lau eta Erdiko hirugarren postua erabakitzeko kanporaketan. Ezkurdiak Altuna zuen aurkari, eta biek finalerdietako disgustua ahaztu nahi zuten, jokoan zegoen podiumeko hirugarren postua lortuaz. Biak ziren kaiolako final handia jokatzeko faborito nagusiak, Altunak lau txapela dituelako eta Ezkurdiak hiru, baina finalerdietan ez zuten bere maila eman, kanpo geratu ziren, eta Arrasaten arantza hori kendu nahi zuten. Horrela, partida ikaragarria egin zuten, Uarkapekoei maila handiko bestelako final bat oparituz.
Final handienetan bezala
Parekotasuna, hori izan zen hirugarren postua erabakitzeko kanporaketaren ezaugarri nagusia. Bi aurrelariek primeran jokatu zuten, eta hasieratik erasoan hasi ziren, zuten guztia emanaz, maila ezin onean. Bi pilotarien sake eta erremateak, Ezkurdiaren horma-bikoa, Altunaren erremateak.... ikusgarriak izan ziren. Altuna hasi zen aurreratzen, 3-1, 4-2, 11-4... baina hortik aurrera Ezkurdia partidari buelta ematen hasi zen; hasieran 12-10 eta 16-12 hurbildu zitzaion Altunari, azkenean 17na berdindu arte. Hurrengo tantoan Altunak ezin izan zion Ezkurdiari erantzun, gora bota zuen pilota eta partidan lehenengo aldiz aurreratu zen Ezkurdia, 17-18. Amezketakoak ez zuen arriskurik hartu nahi izan eta 18na berdintzea lortu arte. Hor beste partida bat hasi zen, Lau eta Erdiko podiumeko hirugarren postua bietako edonoren esku zegoelako. Azken txanpan berdinketa izan zen nagusi, ikuskizun ederra Arrasateko pilotazaleendako. 19na berdindu zuten bi pilotariek, eta hortik aurrera akatsak izan ziren nagusi, nekearen eta urduritasunen ondorio. 21-19 aurreratu zen Altuna, baina 21-20 hurbildu zitzaion Ezkurdia. Oraindik zabalik zegoen dema, eta azken tantoan agintzen aritu zen Ezkurdia, baina Altunak bere asmoa irakurri zuen eta tantoa bere alde erori zen, 22-20.
“Ahal dena egin dugu, buruz entxufatuta egoten saiatu naiz, partidan sartuta egoten, eta partida galtzearen pena dut” azaldu zuen arbizuarrak.
Horrela, azaroaren 16an Bilbon jokatuko den Lau eta Erdiko finalean Altuna izango da podiumeko hirugarren kutxara igoko dena. Eta, bi finalistetako batek, Peio Etxeberriak edo Javi Zabalak, mina hartu eta finala jokatzen ez badu, Altunak ordezkatuko luke.
Binakakoan elkarrekin?
Lau eta Erdia bukatu bezain pronto aurkeztuko da denboraldiko txapelketarik luzeena, Binakako Txapelketa. Ezkurdiak aurrelari jokatuko duen edo Altunarekin atzelari ariko den, hori da katedraren artean zabaldu bolo-bolo zabaldu den zurrumurrua. Tolosaren lesioa tarteko, Aspek arazoa du atzelariekin. Bi pilotariek Binakako bikoteak osatzea enpresaren erabakia dela, hori besterik ez zuten adierazi.