Erizain arbizuarrak Barneko Erizain Egoiliarraren azterketan 18. postua lortu zuen negu akaberan. Orain erizaintza obstetriko-ginekologikoaren espezialitatea egiten ari da, etorkizunean emagina izateko.
Zergatik erizaintza?
Niri txikitatik beti gustatu izan zait pertsonekin kontaktua duen lanbide bat izatea. Hasieran, esaten nuen irakaslea izan nahi nuela. Baina egunero umeekin kontaktu hori izatearen estres puntu horrek eragina izan zuen erabakia hartzerako orduan. Izan ere, osasun arloan kontaktuan zauden gizarte talde hori asko zabaltzen da. Gainera, askotan esaten da institutuan nota onak ateratzen badituzu horretara zuzentzen zaituztela, hau da, osasun arloko zerbait egitera, medikuntza egitera… Eta ikusi nuen erizaintza aukera ona izan zitekeela.
"Praktiketan emaginekin tokatu zitzaidanean asko gustatu zitzaidan haurdunaldiaren prozesua"
Nola deskribatuko zenuke zure ikasketa prozesua?
Graduak lau urte irauten ditu eta gero nik oposaketa bat egin dut. Beno oposizio formatua dauka baina berez ez da oposaketa bat. Ez da medikuntzako kasuan bezala, kasu horretan, espezializazioa derrigorrezkoa da eta karrera bukatzean egin behar dute. Baina guretako, ez da derrigorrezkoa. Hau da, zuk aukera dezakezu egin ala ez, bizitzako zein momentutan egin… Nik, adibidez, karrera bukatuta hainbat ezagutza finkatuta nituela ikusi nuen eta oraindik ikasteko gogoz nengoela. Azterketa hori prestatzeko ez dago denbora eperik, zuk zure ikasteko denbora jartzen duzu. Akademia pribatu batean sar zaitezke, edo zure kabuz prestatu. Orokorrean gehienok akademia batean sartzen gara, euskarri bat izateko. Ni, zehazki, karrera bukatu baino lehen hasi nintzen ikasten, martxoan, eta hurrengo urteko urtarrilean egin nuen azterketa, hau da, urte bete egon nintzen prestatzen gutxi gorabehera.
Nolakoa da oposaketa azterketa? Zer proba mota egin behar da?
Urteekin aldatzen joan da baina, orain, duela bost urte gutxi gorabehera berdina izan da. Test moduko 210 galdera dira, lau aukerarekin. 200 dira egin beharrekoak eta 10 erreserban. Hau da, galderaren bat gaizki egonez gero, zuzenean kentzen da eta erreserbako galderak erabiltzen dira. Zuk erabakitzen duzu denak bete, baten-bat zuri utzi… gero erantzunak erantzun orrira pasatzen dituzu, hori da zuzentzen dutena.
18. postua lortu zenuen, hori meritu handia da. Zein sentsaziorekin atera zinen azterketatik? Emaitza espero zenuen edo sorpresa izan zen?
Sorpresa ikaragarria izan zen, egia esan. Beti esan dut ez dela zure ezagutzak islatzen dituen azterketa bat, inola ere. Nik egin nuenean lasai atera nintzen, azterketa egin nuelako eta, azkenean, zama handia kentzen duzulako gainetik. Hori bai, autoan sartu eta negarrez hasi nintzen. Izugarrizko amorruarekin atera nintzen, banekielako nik pila bat ikasi nuela, ordu asko sartu nituela eta azterketa horretan ez dela islatzen esfortzu guzti hori. Aurretik daukazun estres hori, ez dakizula zenbateraino ikasi duzun edo ez… Izan ere, gaitegia oso irekia da. Zuk euskarri batzuk dauzkazu eta gutxi gorabehera badakizu beste urteetan zer egin duten, zer eskatzen duten. Baina galdera beste asko ez daude liburuetan. Badaude artikulu edo ikerketetatik ateratzen dituzten galderak.
"Nik uste emakumeak daukala izugarrizko boterea edo badaukagula zerbait ez nekiena"
Ba ahal dago ikasketa prozesuan markatu zaituen zerbait? Edo aurrera jarraitzera motibatu zaituen zerbait?
Oposiziorako azterketa prestatzeko simulazioak daude, eta horiek niretako bi ahoko arma gisa jokatzen zuten. Horrekin esan nahi dudana da niretako mentalki paper on eta txar bat jokatzen zutela. Batzuetan egiten nuen eta izugarri ongi geratzen nintzen, eta motibatzen ninduen, baina beste batzuetan egun txarra daukazu eta okerrago egiten duzu. Simulazio horiek akademiak prestatutakoak dira eta badago plataforma bat puntuazioak ikusteko. Aplikazio horretan ikus dezakezu azterketaren puntuazioa eta besteekiko zelako puntuazioa lortu duzun. Eta hor sartzen da besteekiko alderaketa. Azkenean ez da 5 bat ateratzea eta aprobatzea, besteekiko alderaketa baizik. Nik uste hezkuntza sistema beti horretara bideratuta dagoela; selektibitatea, batxilergoa, oposaketak... Nik puntuazio hori ikustean asko sufritzen nuen, tentsio momentu bat zen eta ez nuen oso ondo bizi. Baina, azkenean, tristea bada ere, aurrera egitea motibatzen ninduena, besteen gainetik nindoala eta aurrera nindoala ikustea zen.
Orain emagin espezializazioa egiten ari zara, zer dela eta? Zergatik aukeratu zenuen espezializazio hori?
Aurretik esan dudan bezala, erizaintza ikastearena ez neukan batere argi, baina espezializazioarena aldiz, bai. Nire familian badaude osasun arazo asko ginekologiaren aldetik. Minbiziak, abortuak, bikiak… Eta, nolabait, hori izan da bideratu nauena emagin espezializazio honetara. Kuriositatea nire ingurukoekiko eta nire inguruan gertatzen dena hobeto ezagutzeko. Gainera, graduan nengoela Iruñeko Sexu eta ugalketa osasunaren arretarako zentroan egin nituen praktiketan emaginekin tokatu zitzaidanean asko gustatu zitzaidan haurdunaldiaren prozesua eta abar.
Zenbat denbora daramazu espezializazioa egiten?
Ekainean hasi ginen, hau da 5 hilabete gutxi gorabehera.
Zenbat irauten du?
Bi urte. Eta hainbat zerbitzuetatik pasatzen zara.

Orain lanean zaudela, zein alde ikusten duzu ikasketa eta lanaren artean?
Nik uste badirela gauza asko ikasten dituzunak eta gero bai ala bai ikusten dituzunak. Hau da, badaude froga batzuk, prozesu batzuk horrela direla eta ikusten direla. Baina errealitatea da oposiziorako ikasten dituzula gai pila bat eta ginekologia dela dagoen beste gai bat, ez dena asko ikusten. Orduan, lanean, egunero hainbat pertsonekin nago eta bakoitzarekin gauza berri bat ikasten da. Egunero gauza ezberdinak atera behar dituzu burutik eta praktikan jarri. Askotan esaten den bezala, egiten ikasi.
Zer da gehien gustatzen zaizuna lanerako orduan?
Oraindik asko falta zait ikusteko. Baina ikusi dudanera arte, nik uste emakumeak izugarrizko boterea daukala, edo badaukagula ez nekien zerbait. Nik uste ez garela kontziente egiten dugunarekin. Oso garrantzitsua da egiten duguna, azkenean zure barrutik bizitza bat ateratzea da, ezerezetik. Eta kanpotik ez da ikusten nik barrutik ikusten dudana. Emakumearen gorputzean oso prozesu garrantzitsua izaten da. Adibidez, haurdunaldia eta zehazki erditze momentu hori oso basatia da, eta, kanpotik ez dugu horrela imajinatzen.
Indarkeria obstetrikoa errealitate bat da eta orain hasi berri da gaiaren inguruan gehiago hitz egiten. Nola ikusten duzu zuk hori emagin bezala?
Nik zorte handia izan dut sexu eta ugalketa osasunaren arretarako zentroan tokatu zaidan emakumeekin. Nik uste oso kontziente izan behar zarela esaten duzunarekin eta beti presente izan beste profesional batzuek nola tratatu duten emakume hori. Izan ere, hitzak oso garrantzitsuak dira. Nik uste dut indarkeria obstetrikoari ez zaiola beldurrik izan behar. Esan nahi dut, badakigu negatiboa dela baina indarkeria ematen bada, tratatu behar dela. Kontuan izan behar dela eta horri buruz hitz egin. Nik denbora gutxi daramat erditze gelan baina egon naizen emagin gehienak gazteak dira eta informazio asko daukate indarkeria obstetrikoaren inguruan. Badira gauza oso txikiak emakumeek sentitu ditzaketenak indarkeria bezala, zuk kanpotik ikusten ez dituzunak. Horrelako gauzetarako nire aholkua beti galdetzea da, hitz egitea.
"Indarkeria obstetrikoari dagokionez, nire aholkua beti galdetzea da, hitz egitea"
Ikasketa prozesuan, indarkeria obstetrikoari buruz hitz egiten zaizue?
Ba egia esan ez. Beno, ikasgai bakoitzeko manual bat geneukan eta grabatuta daukat behin ginekologia atalean gai honi lotuta ikusi nuen gauza bakarra maniobra bat izan zela: Kristeller maniobra deritzona. Bertan, haurdun dagoen emakumearen sabelaren gainean jarri eta besoekin presioa egiten ari zen pertsona baten irudia ageri zen. Ba, irudi honen gainean “X” bat zegoen marraztuta. Hori izan zen graduan indarkeria obstetrikoaren inguruan ikusi nuen gauza bakarra. Eta pena eman zidan, gero ikusten baita gaia oso zabala dela.
Eta, lanerako orduan, jaso al duzue nolabaiteko informaziorik? Ala indarkeria obstetrikoaren inguruko informatzearen lana pertsonala izan da?
Momentuz guztiz pertsonala izan da. Ostiraletan klase teorikoak izaten ditugu eta egia da momentuz oinarrizko klaseak izan ditugula. Gero, gainera, ospitaleak tailerrak eskaintzen ditu eta agian hor badago indarkeria obstetrikoaren inguruko zerbait. Oraindik ez dugu izan gaiaren inguruan informazioa jasotzeko aukerarik baina nik uste izango dugula. Nik uste eskaintzen dela.
Ba al dago lanean markatu zaituen zerbait?
Nik uste nuen ez zidala hainbeste markatuko baina orain dela gutxi izan zen dolu perinatal, neonatal eta haurdunaldikoaren eguna. Eta nik uste dut kasu hauetan ez dela heriotza bat bezala tratatzen eta ez dela horren inguruan hitz egiten. Hau da, umea jaio eta bi egun edota bi aste beranduago hiltzen denean garrantzia kentzen zaiola. Ez dela beste heriotza bat bezain gogorra. Eta hori oso tristea da, izan ere dolu bat da. Abortu bat izatea edo behin jaiota hiltzea emakumeak bere umea galdu du eta askotan arreta jartzen da pertsona horrek dituen arazo fisikoetan, sufritzen ari duen dolua alde batera utziz eta garrantzia kenduz. Honen harira, kontsultan izan dut ume bat galdu duen zuen emakume bat, gero berriz haurdun geratu zena. Nik ikusi dut haurdunaldi hori nola joan den eta erditu ondoren nola dagoen. Eta nik ez dut parte tristea bizi, nik alde ona besterik ez dut ikusi baina hori ikustea ikaragarri gustatu zait. Ikustea emaginek nola tratatu duten eta nola bizi duen pertsona horrek bizi duen guztia iruditzen zait dela bizitzako momentu oso gogor eta polit bat aldi berean.
"Autoexijentzia eta lana beharrezkoak dira, lasai egon behar duzu egiten duzunarekin"
Atzera begira eta, imajinatzen zenuen horrela zure burua?
Ez, inola ere! Nik lehen pentsatzen nuen ingeleseko irakaslea izango nintzela. Eta egia da beti izan dudala etxean presente emakumearen gorputzean gertatzen diren gauzak eta beti hitz egin dugula horri buruz baina ez nuen uste emagin izaten bukatuko nuenik. Esan bezala beti izan dut presente gaia eta etxean naturaltasunez hitz egin da. Baina txikitan nire helburua umeekin lan egitea zen, ingelesa irakastea… Osasun arloa ez nuen batere presente
Eta, nola ikusten duzu zure burua hemendik 10 urtetara?
Berdin! Nik beti esan dut erizaintza ikasteari esker badaukadala osasun mentala. Besteei laguntzeak lasaitasuna eman dit. Ikustea azkenean ona naizela, lagundu dezakedala… Niri beti esan didate ongi moldatzen naizela besteak zaintzen, eta bilakatu dut nire bertute hori nire lanbidea. Asko sentitzen dut, asko kezkatzen naiz… Gainera emakumeen osasuna beti izan dut buruan bueltaka eta, azkenean, ikusi dut nire laguntzarekin emakumeari indarra ematen diodala. Oso ondo sentitzen naiz egiten dudan lanarekin eta oraindik asko falta zait. Etorkizunean nire burua ikusten dut nire kontsultarekin, nire gauzak egiten. Oraindik asko falta zait ikusteko baina orain arte ikusten dut independentzia handia ematen dizun lan bat dela.
Ikasleei, zein gomendio emango zenieke?
Karrera exijentea da. Eta, erizaintza ez da medikuntza baino gutxiago. Asko ikasten da, nik sartu aurretik ez nekien ezer eta ateratzen zara ikaragarrizko jakintzarekin, batzuetan mediku batzuek baino gehiago jakiten. Autoexijentzia eta lana beharrezkoak dira, baina ez zara gutxiago, lasai egon behar duzu egiten duzunarekin. Esan dudan bezala, karrera oso exijentea da eta batzuetan ematen du jendean bigarren mailako karrera gisa bat bezala ikusten duela baina ez da.
Oposizioari dagokionez, oso argi izan behar duzu eta kontzientziatuta egon behar zara. Hilabete asko dira, ez zara beti berdin egongo: sentitzen duzu, gauzak gertatzen dira, lanak dituzu, bakoitzaren errealitatea desberdina da… Helburua argi izan eta pozik egon egiten duzunarekin. Oso garrantzitsua da gainera zure ingurua kontzientziatuta egotea. Helburu bat badaukazu, nahiz eta bakoitzaren egoera desberdina izan, ez da ezer gertatzen sozialki atzean geratzeagatik, zure ingurukoak hor badaude eta laguntzen bazaituzte.