Joseba Ezkurdia

"Erronka polita eta exijentea da, errespetu handia ematen didana"

Maider Betelu Ganboa 2025eko azaroaren 25a

Ezkurdia eta Altuna, aurkezpenaren egunean. EITB

Ezkurdiak Altunaren atzelaria izateko erronka onartu du. Maila handiko txapelketa iragartzen du; "bikote guztiei goian egoteko aukera ikusten diet"

Joseba Ezkurdia izan zen Binakako Txapelketako aurkezpen eguneko protagonista nagusia. Binakakoan atzelari jokatzen ari da, Jokin Altunarekin bikotea osatuta. Arbizuarra haurtzarora bueltatu da, txikitan Aldabideko atzelaria baitzen. Erronka itzelari aurre egiteko prest dago.

Bizitzaren bueltak, Binakako atzelaria zaitugu. 
16 urtera arte atzelaria nintzen, kasualitatez pasatu nintzen aurrera. Orain lehengo ohitura haiek hartu beharko ditut (kar-kar). Erronka polita eta exijentea dut aurretik, errespetu handia ematen didana. 

Tolosaren lesioak eta atzelariz justu egoteak ekarri al du zuk atzelari jokatzea?
Pixka bat, baina uste dut Aspen atzelari gazte onak badaudela, edo etorriko direla, baina agian denbora pixka bat behar dute. Enpresak agian gazteegiak ikusten ditu, eta aurten ni atzelari jartzea tokatu da. Enpresak eskatu, eta baiezkoa eman nien. 

Espero al zenuen? Sanmateotan Altunaren atzelari izan zinen. Agian momentuko esperimentu hori proba sendoagoa zen.
Espero nuen, gauzak nola zihoazen ikusita. Sanmateoetako esperimentua nahiko txukuna atera zen, eta orain ni atzean jartzea pentsatu dute. Ea txapelketa on bat egiteko gai naizen.

Atzelari jokatuko duzunez goitik behera aldatu beharko duzu zure ohiko prestakuntza?
Frontoiko entrenamendua bai. Fisikoa ez dakit, ez dut entrenatzaileekin zehaztu, baina normal jarraituko dugulakoan nago. Fisikoan ahalik eta hobekien egoten saiatu beharko dut, ahalik eta azkarren, nire jokoa atipikoa izango delako atzelari gisa.

Binakakoa txapelketa luzeena da, erresistentzia handikoa, ongi errekuperatzea ezinbestekoa dena. Zerk ematen dizu errespetu gehien?
Dena aldatzen zait: jotzea, piloteoa, jokatzeko era... Eskuek eta fisikoak aguantatuko duten, horrek ematen dit errespetua. Airez asko jokatuko dut ziurrenik, eta ea aguantatuko dudan. Txapelketak berak ematen dit errespetua. Lan berriak dira, txapelketa serio batean sekula ez dut atzetik jokatu, ez nago toki horietan jokatzera ohituta. Atzelari hoberenen kontra aritzeak errespetua ematen dit baita ere. Txapelketan sekulako tentsioa dago, denok irabazi nahi dugu, partidak gogortu egiten dira eta denak ematen dit beldurra, errespetua, edo sentsazio arraro bat.

"Dena aldatzen zait. Eskuek eta fisikoak aguantatuko duten, horrek errespetua ematen dit"

Arerioek jokoa zure kontra kargatuko dute. 
Bai, hala espero dut. Nik pauso bat aurrerago jokatzen eta boleaz erritmoa aldatzen saiatuko naiz, baina arerioak ziurrenik Jokin ekiditen eta niri mina egiten saiatuko dira. Jokinek asko lagunduko dit, eta horri aurre egiteko zein arma edo teknika ditugun ikusi beharko da. 

Jokin Altunak nola hartu du aurtengo txapelketa?
Berarendako ere dena berria da; jokatzeko modua eta posizioa, guztia aldatzen da. Ni atzetik nintzela gustura jokatuko zuela erantzun zidan. Jokinek konfiantza handia ematen dit; ahal duguna egingo dugula, eta lasaitasuna transmititu dit. Biak txapelketa polita egiteko ilusioarekin gaude. 

Lau eta erdian antzeko emaitzak izatetik zatozte biak. Txapelketa ona egin duzu, final zortzirenetan Elordi gaindituta eta final laurdenetan aurrera eginda, Larrazabal eta Jaka irabazi eta Etxeberriarekin galdu ondoren, eskumuturreko kolpea tarteko. Zabalaren kontrako finalerdian egun txarra izan zenuen.
Hotzean pentsatuta, bi urteren ondoren finalerdietan sartu eta laugarrena izatea ez dago gaizki. Txapelketa polita egin dudala uste dut, joko maila onarekin, baina finalerdietan ez nuen nire maila eman, ez nintzen gustura sentitu eta Javier Zabala handi batek gainditu egin zidan. Jokin ere antzeko. Finalerdietan biek ez genuen eguna izan. Pena, nire burua berriz final batean ikusteko aukera handia nuelako, oso garesti baitaude. Baina ez du bueltarik. Batek eskuetan duen guztia ematen duenean ez dago beste ezer egiterik. Kontrarioa zoriondu, eta listo. Hirugarren postua erabakitzeko partidan joko politeko partida jokatu genuen Jokinek eta biok, sentsazio onekin. Berriz ere nire burua lehiatzen ikusten dut, horrek lasaitzen nau eta berriz ere saiatzeko gogoa ematen dit. Orain beste txapelketa berri baten aurrean gaude, ilusioz beteta.

"Jokinek konfiantza handia ematen dit, lasaitasuna transmititu dit. Ilusioarekin gaude"

Bikote oso sendoak dituzue aurrez aurre: Elordi-Zabaleta, Etxeberria-Rezusta, Zabala-Martija, Laso-Albisu, Larrazabal-Mariezkurrena, Artola-Imaz eta Jaka-Iztueta. Txapelketa orekatua.
Maila handiko txapelketa izango dela esango nuke. Bikote guztiei goian egoteko aukera ikusten diet. 

Azaroaren 22an, Logroñon, Etxeberria-Rezusta aurkari. Etxeberria, lagun handia, eta Rezusta, zurekin batera, egungo txapelduna. 
Partida zaila genuen aurretik; Pello konfiantzaz beteta dago, Lau eta Erdia irabazi berri, eta Rezustak oso maila ona ematen du. Baina guk gure aukerak izan genituen, eta, azkenean, irabazi eta lehen puntua lortu genuen. 

Helbururik jarri al duzue?
Ez dugu gure burua presionatu nahi, biondako gauza berria delako. Jokatzeko era aldatuko zaigu, eta gauzak oso ondo egin beharko ditugu goi horretan egon nahi badugu. Txapelketa ahalik eta hobekien hasi nahi dugu, ea horrekin konfiantza hartu eta partidaz-partida maila hobetzen dugun. Erronka polita eta exijentea dugu aurretik, %100 ematea eskatuko diguna. Ea maila on bat ematea lortzen dugun.