Astekaria

"Nobela beltz-beltza egin nahi nuen; hilketak, belztasuna..."

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2025eko abenduaren 9a

Jon Arretxe 'Txerriak eta loreak' nobela berria eskuetan. UTZITAKOA

Arbizuko txistor lantegi batean lapurreta bat izan da. Premisa horretatik abiatu da Jon Arretxe Arbizun bizi den idazlea bere nobela beltz berrian: 'Txerriak eta loreak'.

Basaurin, Gasteizen eta Arbizun, Sakanan, kokatu du azken eleberria Jon Arretxek: Txerriak eta loreak. Azaroaren 28an Arbizuko aurkezpen berezia egin zuen, eta liburua erosten zuenak egilearen dedikatoria ez ezik, txistor bat opari eramandu. "Ernestoren (Lonbren Dendako jabearen) proposamena izan zen, eta pentsatu nuen agian funtzionatuko duela". Nobela idazten "dibertitu" dela azaldu du idazleak: "Trama misteriotsu bat da, dibertitzeko modukoa, erritmo handiarekin". Idazlea Mexikoko Guadalajarako Liburu Azoka "garrantzitsura" gonbidatu zuten, eta Euskal Herrira itzulita "segituan" Durangoko Azokara joan eta bertan "egunero" egon da. 

Toure alde batera utzi duzu, zer egin duzu?

"Ia-ia korse bat kentzea bezala izan da; bat-batean edozer eta edonola idatz dezakedala"

Pixka bat arraro egin zait. Toureren hamaika nobela izan dira, eta denak estilo berekoak. Normalean hiri handietan kokatu ditut, lunpen giroan, pobrezian eta etorkinak izaten dira zaurgarrienak eta txartoen bizi direnak. Giro hori zen nagusia, eta kritika soziala egiteko aprobetxatzen nuen. Horretan oso sartuta egon naiz azken urteetan eta, gainera, militantzia handiz; are konbentzituago beharrezkoa dela lan hori egitea, batez ere azken bolada honetan ultraeskuindarraren gorakadarekin. Baina oraingo honetan esan nuen: pausa bat behar dut. Eta zer egin? Kontrako muturrera joan naiz. Protagonistak zortzi abizen euskaldunak ditu, ez dago kritika sozialik, baina beste gauza asko daude. Ia-ia korse bat kentzearen antzekoa izan da. Oso mugatua egon naizelako Tourerekin estilo jakin batean nengoelako. Orain bat-batean suertatu zait edozer eta edonola idatz dezakedala. Oso gustura idatzi dut nobela hau. 

Nola bururatu zitzaizun Arbizun abiatzea? 
Nobela bat idazteko abiapuntu potente bat behar dut. Hortik tiraka askoz errazago bururatzen zaizkit pixkanaka gauzak. Lanean egonda, jakina, ordengailuaren aurrean egonda. Ez zitzaidan ezer bururatzen eta Kanarietako idazle lagun batek, Carmen Nietok, hemen egonda dago eta oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta esan zidan: Arbizun bizi zara, txistorren herrian, hori izan daiteke; lapurreta bat txistor fabrika batean. Argia piztu zitzaidan; abiapuntu ona zen. Nobela beltz-beltza egin nahi nuen; nire nobela beltzak oso beltzak izaten dira. Orduan, belztasuna, hilketak... Baina beti kontuz ibili pertsonaiengandik; ea ez den inor mintzen eta identifikatua sentitzen.  

Benetako pertsonaietan pertsatu duzu? Haiekin hitz egin duzu? 
Hori oso inportantea da. Hasi baino lehen esan nuen: txistor lantegi bat hemen Arbizun, denok ezagutzen dugu elkar, eta bi daude Arbizu eta Flores familia. Zuzenean Patxi Goikoetxearengana joan nintzen ea fabrika erakutsiko zidan eta baietz. Familiak asko lagundu dit. Jarrera oso irekia, eta dena azaldu zidan. Flores familiari ere esan nion, semeak nirearekin saskibaloira jokatzen du. Kontatu nien zer gertatuko zen: txistorgile oso kabroi bat egongo da, mafiosilloa, eta gauza oso fuerteak gertatuko dira. Inor ez mintzeko pertsonaia asmatu dut: Fermin, izen nahiko nafarra, Bakaikoa, Sakana kutsuko abizena. Baina ez da Flores ez Goikoetxea. Dudarik ez izateko eskubaloi jokalari ohia da, eta badaezpada galdetu nien ea jokatu ote zuten eskubaloira. Nahiko gorila da, 140 kiloko ilegorria. Nahiko ezaugarri jarri nizkion jendea haiengana ez joateko. Beste pertsonaia bat da alguazila, almintea; oso pertsonaia sinptaikoa eta berezia gelditu da. Manuri esan nion: Arbizuko alguazila agertuko da behar dudalako, izen bat asmatuko dut? Eta berak esan zidan Manu izena jartzeko. Hasieran anekdotikoa izan behar zen, baina gero protagonismoa eman nion eta berriz galdetu nion. 

Hizkera ere gertukoa da. 
Orain arte Tourerekin sekulako arazoa eduki dut nobela originalak euskaraz direlako, baina Toureren giroetan ez du inork euskaraz hitz egiten. Gure hiri handiena Bilboko San Franzisko auzo marginal horretan bizi den jendea atzerriko jatorrikoa da, prostitutak ere atzerrikoak izaten dira, eta euskaraz egitea nahiko sinesgaitza da. Euskara batuan egiten nuen, eta gero gaztelaniara pasatzerako itzultzaileak, Cristina Fernandezek, sekulako lana egiten zuen eta pertsonaia dominikarra bazen gaztelaniaren barruan bereizten zuen. Oraingo honetan bereiztu ahal izan dut Basauri, Gasteiz eta Arbizuko tokian tokiko hizkerak. Batutik gehiegi urrundu gabe baina gasteiztarrak batu hutsean, Gasteizko euskararik ez dagoelako, Basauriko euskara oraindik badago eta ezaugarriren bat sartzeko aprobetxatu dut, eta arbizuarrak eta sakandarrak hitz egiten duten hemengo ezaugarri askorekin. Horrek ematen dio beste kutsu bat nobelari; hurbilagoa irakurtzaileengandik, batez ere hemengoentzako. Horretarako ere laguntza eskatu nuen eta topatzen nuen guztiari pelmada eman diot. Asko lagundu didate idazkera hurbila eta sinesgarriagoa egiten. 

Eta azala nola sortu zen? 
Oso azal berezia da. Oso pozik nago. Beharbada inoiz egin didaten azal hoberena. Cristina Fernandez ilustratzaileak egin zuen eta pentsatuz txistorrak, heriotzak, hilketak... Bururatu zitzaion urkatzeko soka bat txistorrarekin egitea. Horretarako txistor oso luze eta biguna behar nuen, moldagarriena, eta Patxirengana joan nintzen berriro eta berak lau metroko txistorra eman zidan. Oso ondo portatu dira. Azkenean horrela geratu da, oso esanguratsua da.