Arbizuko kiroldegian lan gehiago aurreikusi dira

Guaixe 2025eko abenduaren 18a

Arbizuko kiroldegia. ARTXIBOA

Inguratzailea hobetuko du. 

Arbizuko Udalak kiroldegiko eraberritze lanak egin nahi ditu, zehazki, igerilekuko inguratzaile termikoa hobetu nahi du. Horretarako Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren 90.000 euro izanen ditu. Hala jasoa egonen baita Nafarroako Gobernuaren 2026ko aurrekontuetan. Helburu horrekin emendakina aurkeztu zuen EH Bilduk eta PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekin koalizioaren aldeko botoekin, UPNren eta PPNren abstentzioarekin eta talde mistoaren kontrako botoarekin onartu zen. 

Aurreko eguberritako oporrak igerilekuan klimatizagailu berria jartzeko baliatu zituen Arbizuko Udalak. Aurreko klimatizagailua eraikina txikiagoa zenean jarri zen. Kiroldegia handitu zuten eta makinak ez zuen bere funtzioa ongi betetzen. Makina aldatuz, igerilekuen guneko baldintza termikoak hobetu zituen udalak, aurrekoarekin ez baitziren lortzen horrelako espazioetarako behar diren tenperatura eta hezetasun balioak, sistemaren energia eraginkortasuna hobetu zen eta, bide batez, foru legedia bete zen. Lanek 135.000 euroko aurrekontua izan zuten. EH Bilduk Nafarroako Gobernuaren 2024ko aurrekontuari aurkeztutako emendakin baten bidez udalak lan horretarako 120.000 euro jasoko zituen.