Arbizuko eskola berria 2019ko irailaren 9an mustu zuten ikasleek. Ordutik 3 eta 12 urte arteko ikasleak han ari dira ikasten. Eskola berriak apenas du energia kontsumorik eta guneen banaketagatik eta ekipamenduengatik hezkuntza metodologia berriak ezartzeko aukera ematen du. Mustu aurretik Nafarroako Eskola Kontseiluak antolatutako jardunaldi batzuetan eraikin arduratsuen adibide gisa jarri zuten Arbizuko eskola berria.
Hala ere, Arbizuko eskolako komunitateko kideak eskolaren kanpoko gunea eraldatzeko beharra dagoela ikusi du. Egitasmoaren helburua da espazio hori naturalizatzea. Eta aurreneko pausoa azaroaren 15ean eta 29an egindako bi auzolanekin eman zuten. Haurrek, gurasoek eta irakasleren batek parte hartu zuten haietan. Egiteko zehatza zuten: kanpo espazioa mugatzen duen porlanezko paretaren oinaren luzera guztian landare igokariak landatzea. Horretarako, paretaren parean, ohol batzuen laguntzaz, lurra eta konposta bota zuten terraza baxu bat sortuz. Landare igokariak han jarri zituzten. Horretaz aparte, gunean barna sakabanatuta goratutako hiru baratze maila egin zituzten. Haietan landare apaingarriak eta sendabelarrak landatu zituzten. Lan horiek Sakana Kooperatibak emandako 500 euroko dirulaguntzari esker egin zuten.
Hiru egiteko gehiago
Eskola komunitateak kanpo eremua naturalizatzeko duen proiektuan beste hiru lan jasota daude. Hurrena, ziurrenik otsailaren 21ean eginen dute. Aipatu eremuan zuhaitzak landatuko dituzte, itzala eman dezaten. Lizar, gaztainondo eta haritz aleak jarriko dituzte.
Etorkizunean eskolako kanpo gunean ureztatze sistema jarri nahi du eskola komunitateak. Eta eremu horren naturalizazioa bukatuko da haur eta irakasleek erabiliko dituzten baratzak egiten dituztenean. Horretarako, goratutako baratzeak jartzeko asmoa dute.