Atletismoa

Sakanako Atletismo Kopak txapeldun berriak ditu, Zabaleta eta Etxeberria

Guaixe 2026ko urtarrilaren 30a

Maite Zabaletak eta Aritz Etxeberriak lehenengoz irabazi zuten Sakanako Mankomunitateak antolatutako Sakanako XIX. Atletismo Kopa. 2025ean jokatutako Aitzkibil, Ziordia, Ergoiena eta Zubeztia lasterketek puntuatzen zuten

Arbizun zaharberritutako eskola zaharretan egin zen Sakanako XIX. Atletismo Koparen sari banaketa, Sakanako Mankomunitateko Amaia Gerrikagoitia kirol teknikaria buru zela. Harekin batera Arbizuko hiru zinegotzi zeuden, Mateo Berastegi, Ane Lizarraga eta Mitxel Zenarruzabeitia.  

Sakanako XIX. Atletismo Koparako 2025ean Sakanan antolatutako lau probek puntuatu zuten: Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain artean jokatutako Aitzkibil lasterketak, Ziordiko lasterketak, Ergoienako Bira eta Altsasuko Zubeztia lasterketak. Sakanako Kopan puntuatzeko, aipatu lasterketan egindako denbora eta postuak hartu ziren kontuan. 

Horrela, emakumezkoetan Maite Zabaleta etxarriarra izan zen txapelduna, Erkuden San Martin etxarriarraren eta Silvia Perez altsasuarraren aurretik. Gizonezkoetan, Aritz Etxeberria altsasuarra izan zen txapelduna, Sergio Garcia de Eulate altsasuarraren eta Ivan Sobredo “Triki” altsasuarraren aurretik. Zabaletak eta Etxeberriak lehenengoz irabazi zuten kopa, eta pozarren zegoen. Kirol materialean gastatzeko diru saria jaso zuten. Azkenik, proba guztietan parte hartu zuten korrikalarien artean sari bat zozketatu zen. Joxeja Maizari egokitu zitzaion.