Astekaria

"Txirrindulari bat zerk egiten duen ona, hobea edo onena, ikertze pasioa dut"

Maider Betelu Ganboa 2026ko otsailaren 11

Igor Alberdi Garziandia arbizuarrak FPV lan kontratua lortu du datozen lau urtetan tesia garatzeko. UTZITAKOA

Aitor Alberdi Garziandia arbizuarra Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza tesia egiten ari da erlojupeko txirrindularitzan errendimendua mugatzen duten faktoreak aztertzeko

Aitor Alberdi Garziandia arbizuarra Euskal Herriko Unibertsitatean doktoretza tesia egiten ari da erlojupeko txirrindularitzan errendimendua mugatzen duten faktoreak aztertzeko. Bere txosten akademiko ikusgarriarengatik Espainiako Gobernuko Hezkuntza Ministerioaren FPV (Formación de Profesorado Universitario) beka edo lan kontratua lortu du, eta horri esker datozen lau urteetan ikerkuntzan murgilduta egongo da buru-belarri, txirrindularitzaren inguruan duen pasioari edo jakinminari erantzunak bilatzen.  

Sakana Group Aralarren trebatu zinen txirrindulari, eta emaitza oso onak izan zenituen junior mailan. Rural Kutxarekin afizionatuen mailara egin zenuen salto, baina azkar utzi zenuen. Zergatik?
Txiki-txikitatik bizi izan dut txirrindularitza, baina uztea erabaki nuen ikasketetan zentratu nahi nuelako. Nire bizitzak txirrindularitzan zentratuta jarraituko zuela ikusten nuen, baina beste arlo edo ikuspuntu batetik: ikerkuntzatik, prestaketa fisikotik eta abar.  

Euskal Herriko Unibertsitatean Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zientzia ikasketak egin zenituen, gero "Ikerkuntza jarduera fisikoan eta kirolean" izeneko masterra, eta aurten doktoretza tesiari ekin diozu. Horretarako Espainiako Gobernuaren FPU  (Formacion de Profesorado Universitario) lan kontratua lortu duzu. Oso zaila da lortzen.
Zerk egiten duen txirrindulari bat ona, hobea edo denetan onena ulertu ahal izateko pasio handia izan dut beti. Horregatik nire ibilbide profesionala ikerkuntzaren aldetik jotzea erabaki nuen. Beka edo lan kontratu horietarako hautagai izateko karreran gogor ikasi behar nuela ohartu nintzen, ahalik eta ikasketa espediente onena izateko. Eta lortu dut; lau urteko kontratua dut unibertsitatean nire doktoretza tesia aurrera eramateko eta formakuntzan jarraitzeko.

Tesia egiteaz gain unibertsitateko irakasle gisa prestatuko zara. Zure burua irakasle ikusten al duzu?
Kontratuak bi helburu nagusi ditu. Hasteko, zure doktoretza tesia aurrera eramatea lasaitasun batekin, finantziazioa lortu duzulako; bigarrenik, unibertsitateko irakasle gisa trebakuntza  jasotzea. Lau urte hauek ahalik eta gehien aprobetxatu nahi ditut doktoretza tesi ona aurrera eramateko.  Ez dakit ondoren nire burua irakaskuntzara bideratuko dudan edo beste alderdi batetik joko dudan. Unibertsitatean jarraitzea aukera ona litzateke, prozedura honen bidez puntuak eta merituak errazago lortzen direlako, baina oraingoz ez naiz ezertara ixten; gaztea naiz, eta bizitzak esango du. Ahalik eta gehien trebatu nahi dut ikerkuntzan, irakaskuntzan eta aplikazio praktikoetan.

 "Zientziak ez du ezertarako balio ikertutakoa partekatzen ez badugu"

DOKTORETZA TESIAZ
Zure doktoretza tesiaren helburu nagusia da erlojupeko txirrindularitzan errendimendua mugatzen duten faktore fisiologikoak eta mekanikoak aztertzea. Tartean, kadete mailatik World Tour mailara iritsi den txirrindulari bat aztertzen ari zara. 
Doktoretza tesia aurrera eramateko aukeratu dudan formatua argitalpen batzuen konpendioa da; hau da, lau urte hauetan hiru argitalpen zientifiko argitaratu beharko ditut. Une honetan lehen artikulu horretan ari gara lanean nire tesiko zuzendari Jordan Santos-Concejerorekin batera. Artikulu horretarako Igor Arrieta txirrindulariaren datuak hartu ditugu, kadete zenetik World Tourrera iritsi den arte, erlojupekoan zein bilakaera izan duen ikusteko. Bere potentzia datuak, bihotz maiztasunaren datuak eta beste datu espezifiko batzuk aztertzen ari gara. Gero tesia norantz perfilatuko dugun, denborarekin ikusiko dugu, baina haria hortik doa.

Azterketa horrekin errendimenduan eragina duten faktore horietara iritsi nahi duzue?
Ez, hori soilik lehenengo argitalpenerako lana da. Ondoren ziur txirrindulari gehiago eta beste azterketa mota batzuk egin beharko ditugula, eta hortik ikusi beharko da zein ondoriotara iristen garen. Ikerkuntza zientifikoaren pauso garrantzitsuenetariko bat da teorian lortzen ditugun emaitza horiek gero benetako praktikara nola aplikatu ditzakegun ikustea. Hori da interesgarriena.

Etorkizuneko txirrindulariek datu hauek eskura izatera iritsi nahi duzue, euren errendimendua hobetzeko?
Hori da, txirrindulariek, taldeetako kirol zuzendariek edo prestatzaile fisikoek eta analistek datu horiek baliatu ahal izatea. Adibidez, lehenengo argitalpen horretako aplikazio praktiko bat ikuskatzaileendako izanen litzateke, txirrindulariak kategoria bakoitzean zein baremoen artean mugitzen diren ikusi, eta datu horiek analizatu ea euren txirrindularien progresioa egokia den aztertzeko, txirrindularitzaren munduan zerbait izatera hel daitezkeen ikusteko. 

Doktoretza tesiaren hastapenetan zaudenez, momentuz ondorioez ezin daiteke hitz egin.
Hala da, hasi berria naiz. Gainera, doktoretza tesiak oso mugikorrak izan daitezke. Ideia finko bat ezin dugu ziurtatu, baina jarraitzeko hari bat bai.

Doktoretza tesi bat garatzea berez zaila da? 
Doktoretza tesi bat zuk nahi duzun bezainbeste zaildu dezakezu. Tesi bat egiteko arrazoi nagusienetariko bat zerbait ikertzeko jakin min hori izatea da, gai hori benetan maite eta gustuko duzulako. Ez baduzu benetan gustuko, nik ez nuke gomendatuko doktoretza tesi batean sartzea, oso pisutsua bilakatuko litzatekeelako. Oraindik hastapenetan nago eta gustura nago, baina kostatzen ari zait, lan gogorra da. Baina egiten ari naizena asko gustatzen zait eta pasioarekin egiten ari naiz; horrek balio du.

Txirrindularitzari buruzko jakin min hori asetzea. Zu beti txirrindulari izango zarelako.
Bai, hori inoiz ez da joaten. Ikertzeko gogo horiek, azken finean, hortik datoz. Gainera, txirrindularitzak balio batzuk eman dizkit, ikasketetan ere aplikatu ditudanak: sakrifizioa, lan taldea... Kirola ia egunero egiten dut; ezin da utzi, osasuntsu mantentzeko garrantzitsuena da.

Irurtzunen Eguberrietan hitzaldia eman zenuen, "Joera berriak erresistentziako kiroletako entrenamenduetan" izenburupean. Zenbait gai landu zenituen: erresistentzia entrenamenduaren printzipio eguneratuak, altueran eta beroan entrenatzea, zer behar da elite mailara iristeko, nola antolatu denbora luzeko proba bat... Helburua zein da, dibulgazio lana egitea?
Bai. Azken finean, zuk zerbait ikertzen duzunean azken pausoa dibulgazio zientifikoa egitea da. Zientziak, nire ikuspuntutik, ez du ezertarako balio gero hori populazio orokorrarekin edo kasu honetan, espezifikoki, txirrindulariekin partekatzen ez badugu. Doktoretzako jarduera osagarri gisa dibulgazio zientifikoa egiten ari naiz; gustuko dut eta gainera nik uste oso baliagarria izan daitekeela. Irurtzungo hitzaldira Igor Arrieta eta Idoia Eraso txirrindulari profesionalak etorri ziren, eta oso aberasgarria izan zen, nik landutako gaiei euren esperientzia gaineratu zietelako. Bertaratu ziren txirrindulari, kirol-zuzendari, zikloturista eta zaletuek aplikazio praktiko horiek etxera eraman zituzten. Hori izan behar da ikerkuntza zientifikoaren azken pausoa, egiten ari zarena partekatzea, besteak ere hortaz probestu ahal izateko.

Halako harrera espero al zenuen?
Harritu ninduen, jende asko agertu zelako. Oso eskertuta nago egin zituzten galderekin, ekarpen asko egon zirelako eta denok ikasi ahal izan genuelako.  Nik gaien perspektiba zientifiko teorikoa eman nuen, baina Igorrek eta Idoiak haien perspektiba praktikoa eman zuten, haien haragitan bizi izan dutena, eta, azkenean, horrek balio du.

Hitzaldian tesian lantzen ari zaren zure lehen artikulu horren lagin batzuk eman zenituen, kadete mailatik World Tourrera, elite txirrindulari baten errendimenduaren eboluzioaz aritu zinelako. 
Ikerketa xumea baina oso aberasgarria da, txirrindulari profesional baten datuak, Igor Arrietarenak, era longitudinalean biltzen dituelako, hastapenetatik World Tour mailara arte. Igor oso azkar iritsi zen Kern Pharmara eta World Tourrera; beraz, nik uste oso datu erabilgarriak izan daitezkeela azterketa bukatu eta artikulua argitaratzen dugunean. Nire kirolari bizitza osoa, eta ikastolakoa baita ere, Igorrekin partekatu dut, eta bera nire tesiaren parte izateak ilusio handia egiten dit.

Zure marka propioa sortu duzu: Alberdi Science and Performance. Besteak beste, zure hitzaldien artikuluak eta datuak argitaratzen ari zara Instagramen. Egiten ari zaren lan guztia biltzea da helburua?
Bai, lantzen ari naizen guztia bildu nahi dut bertan. Garrantzitsua da dibulgazioa egitea eta egiten ari garena partekatzea, kirolariek, entrenatzaileek edo kirol zuzendariek datu horiek probestu eta aplikatu ahal izateko. Proiektuarekin hastapenetan nago, baina gustatuko litzaidake pixkanaka garatzen joatea eta etorkizun batean komunitate egoki bat garatzea, lantzen ditugun lan guztiak partekatu ahal izateko. Harrera ona izan du. 

Mundu akademikoan murgilduta zauden aldetik, bide horretatik jarraitzea gomendatuko zenieke egun ikasten ari diren gazteei?
Bide akademikoan sartzeko bokazio hori behar duzu, gogoak eta batez ere zerbait ikertu ahal izateko kuriositatea. Hori ez baduzu, doktoretza tesi bat egitea, egiteagatik, oso gogorra litzateke. Nahiz eta gustatu eta ilusioa izan, bide gogorra da. Baina karrera hasi berri eta jakin min hori duten pertsonei, ahalik eta gogorren ikastea aholkatuko nieke, nota onak izan eta beka edo kontratu horiek lortzeko aukera izan dezaten. 

"Nire kirolari bizitza osoa, eta ikastolakoa baita ere, Igor Arrietarekin partekatu dut, eta bera nire tesiaren parte izateak ilusio handia egiten dit"

 

EGUNGO ZIKLOTURISMOAZ
Pablo Urtasuni, txirrindularia zela, entzuna diogu bera entrenatzera atera eta edozeinek berak baino ekipazio hobea zuela. Egungo zikloturistena, ez al da gehiegizkoa? 
Azkeneko 10-15 urteetan txirrindularitza profesionala asko profesionalizatu da. Iritsi da puntu bat, txirrindulariak junior mailatik zuzenean profesionaletara pasatzen direla. Materialak, entrenamenduak, elikadura... oso finduak daude. Eta uste dut horrek mundu amateurra eta zikloturismoa kutsatu dituela, ohitura berak hartu dituztelako. Zikloturista asko daude sekulako bizikleta eta ekipazioekin, egia da. Baina gustuko dutena egiten ari dira; egokiagoa iruditzen zait hori asteburu guztia tabernan pasatzea baino. 

Profesional edo amateur bat horretara dedikatzen da. Egun osoa du entrenatzeko, atseden hartzeko, ongi elikatzeko... baina fabrikara 8 ordu lanera joan eta gero bizikleta hartzea... zikloturisten kontua asko aldatzen da. 
Zikloturista asko ezagutzen ditut, lanean egiten dituzten zortzi orduez gaindi, bizikletan ordu pila bat sartzen dituztenak. Haien pasioa da. Nik uste dut erregulazio bat egin beharko luketela "sindrome de sobreentrenamiento" deritzona gerta ez dadin. Zikloturistetan halakoa gertatzea erraza izan daiteke, euren 8 lan orduei entrenamendua eta bestelako ardurak (etxeko lanak, seme-alabak...) gehituta lan karga hori are eta gehiago sumatzen delako. Txirrindulari profesionalak txirrindularitzarako bizi dira, haien lana da, baina zikloturistek ongi erregulatu beharra dute. 

Kirolean, orokorrean, jendea gehiegi matxakatzen dela dirudi.
Profesionalak alde batera utzita, gehiegi entrenatzeko tendentzia dagoela esango nuke, bai bolumen aldetik eta intentsitate aldetik baita ere. Jendea, oro har, gehiegi matxakatzen da. Entrenamenduak beste modu batera eginez emaitza berak lor daitezkeela uste dut; modu horretara denbora gehiago izango lukete haien familientzat eta beste ardurentzat.

Profesionalei kasu egitea gomendatu zenuten hitzaldian.
Profesional baten laguntza aholkatuko nieke, batez ere martxa luzeetan lehiatzea nahi dutenei, udaberri edo udara parteko martxetara ondo iristeko eta lehenago, bai fisikoki eta bai mentalki, ez erretzeko.

Maiatzaren 9an La Peluso martxa zikloturistan arituko denari zer gomendatuko zenioke?
Profesional baten aholkuak jarraitzea. Zertzelada batzuk emateagatik, ez daitezela hasieratik ordu asko eta indartsu entrenatzen hasi. Senari jarraituz, bolumen luzeak eginez hastea, baina intentsitate baxuan. Eta martxoa aldera bolumena pixka bat jaisten joan eta intentsitatea igotzen has daitezela. Entrenamendu mota diferenteak sartu, eta neguan indarra landu dezatela. Horrela udaberrira ondo iritsiko dira, eta ez erreta, batez ere mentalki, askori gertatzen zaien bezala. Entrenamendu kargaz gain, bizitzako bestelakoak kudeatu behar dituztelako. 

Zein da zure txirrindulari gogokoena?
Denak makina batzuk dira: Pogacar, Evenepoel, Van der Poel, Van Aert... guztiak ditut gustuko, baina etxekoarekin geratzen naiz: Igor Arrieta.