AHT ibilbide proiektua

AHTk Arbizun dituen bi alternatibak azaldu dituzte

Guaixe 2026ko otsailaren 17a

Arbizuarrak plataformako kidearen azalpenak entzuten. UTZITAKOA

Eraginen lituzkeen ondorioen berri emateaz aparte, bestelako alternatiba bat dagoela ere azaldu zuten. 

Arbizuko Udalak eta Sakana Trenaren Alde plataformak deituta, batzar jendetsua egin zen otsailaren 13an, ostiralean. Kultur guneko aretoan bat egin zutenek Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Iruñea-Altsasu tarteko informazio azterlanak jaso duena ezagutzeko aukera izan zuten. Izan ere, AHTrako bi trazadura aurkeztu dituzte Arbizurako. Iparraldekoa egungo trenbidearen aldamenean eraikiko litzateke eta, beraz, AHTko bi trenbideak eta egungoa elkarrekin leudeke. Horiek 20,5 metro inguruko zabalera hartuko lukete. Arbizun 8.606 m2-ko azalerari eraginen lioke. Hegoaldeko alternatiba, berriz, Arbizu herrigunearen hegoaldean kokatzen du AHT. Baina ez lirateke soilik bi trenbide eraikiko, baizik eta hiru, trenak aurreratzeko tartea Arbizu parean aurreikusi baitute, Ferdaiako eta Utzubarko bideen arteko espazioa guztiaz aparte, Utzubar basoaren erdia hartuko luke azpiegitura horrek. Aukera hori lehenetsiko balute Arbizuko 119.308 m2-ko azalerari eraginen lioke. 

Ministerioaren azterlanak proposatzen duenak izanen lituzkeen eraginak argitu zituzten. Eta, horren aurrean, tren publiko eta sozialaren alternatiba zertan den azaldu zuten. Udalak gogorarazi zuen 2025eko maiatzaren 29an onartutako mozioa. Haren bidez, Arbizuko Udalak eskatu zuen tren-ereduaren azterlan alternatibo bat egitea, lurralde kohesioa bermatzeko, ingurumena errespetatzeko eta bideragarritasun ekonomikoa ahalbidetzeko. Horretarako, trenbide sarea modernizatzea eta merkantziak trenbidez garraiatzea bultzatzea eskatu zuen, "gure herri eta eskualdeetako geltokiekiko konexio eta maiztasunak hobetzean oinarrituta".

Azkenik, batzarrean jakinarazi zutenez, egitasmoa bertan behera uzteko alegazioak aurkez ditzaketela bai pertsonek, bai erakundeek baita elkarteek. Horretarako azken eguna martxoaren 6a da.