ANAPEHk (Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikiaren Elkartea) antolatutako Erraien Bidea bederatzi herritako 37 taberna eta jatetxeren parte-hartzea du aurten. Horien artean Arbizuko Olatzea dago. Antolatzaileek azaldu dutenez, establezimendu horiek osagai ugari erabiliko dituzte beraien eskaintza prestatzeko, esate baterako: tripakiak, muturrak, eskutxoak, belarria, mihia, masailezurrak, birika, giltzurrunak, barrukiak, hanka edo buztana. Erraien Bidean parte hartzen duten ostalaritzako establezimendu bakoitzean pintxoak Nafarroa Jatorri Izendapeneko ardoekin batera eskainiko dituzte.
Olatzeatik pasatzen denak Kiribil izeneko pintxoa dastatzeko aukera izanen du, xigortutako txerri buztanez egindako sandwich txikia hain zuzen ere. Hura laguntzeko Viña Zorzal upategiko ardo ondua zerbitzatuko dute. Pintxoa ostiraletik igandera zerbitzatuko dute 12:00etatik 17:00etara eta 19:00etatik 22:30era.
establezimendu parte hartzaileetan halako pintxoren bat eskatzen duenak zozketa bateko txartel bat jasoko du. Saritua bada, Erraien Bidea ekimenean parte hartzen ari den edozein establezimendutan pintxoa eta ardoa doan dastatzeko aukera izanen du.