Astekaria

"Akuilu bat izan nahi du, zerbait alda dezagun"

Eneida Carreño Mundiñano eta E. R. B. 2026ko martxoaren 9a

Leire Vargas eta Jaime Nieto errezital batean. DONOSTIAKULTURA.EUS

'Bizi sintetikoak' poesia errezital musikatua emanen zuen Leire Vargas idazleak, Jaime Nietorekin batera, Arbizuko eskola zaharrean, Literatura Geraldiak programaren barruan.

Martxoaren 8an, Emakumearen nazioarteko egunean, izan zen Sakanako Mankomunitateak antolatutako Literatura Geraldiak programaren hurrengo geraldia, Arbizuko eskola zaharrean: Leire Vargas eta Jaime Nietoren Bizi sintetikoak poesia errezitaldi musikatua. Leire Vargas bertsolaria, idazlea eta itzultzailea da eta, besteak beste, Dena ametsa den irudipena eta Bihotz-museo bat poesia liburuak argitaratu ditu.

Zer da zuretako poesia? 

"Poesia barrenak mugiarazteko eta kolektiboari hitz egiteko modu bat izan daiteke"

Besteen barrenak mugiaraztea, eta gehituko nioke zentzu apelatibo azpimarratuago bat: kolektiboari hitz egiteko modu bat izan daiteke. Duela gutxi Eider Beobide elkarrizketatu nuen eta berak aipatzen zuen poesiak egin nahi diola irakurleari edo entzuleari harramazka; uste dut hala dela. Bada bestearengan zerbait mugitzeko modu bat, baina askotan hitz egiten diona kolektiboa sortzeko nahi bati. 

Nor da Jaime Nieto? 
Hasteko, Jaime nire osaba da. Horregatik harreman handia daukagu, eta horren ondorioz lehenengo eta behin sortu zitzaigun elkarrekin lanean aritzeko aukera. Betidanik berak berea egin du eta gero ni sorkuntzarekin hasi nintzen, batez ere literaturarekin harremanean bizitzen. Hala ere, nik, behintzat, ez nuen inoiz pentsatuko hark interesa izango zuenik batera zerbait egiteko. Azkenean, adin tartea dago eta abar. Baina suertatu zen errezitaldi bat egiteko proposamena egin zidatela, Bilboko Zazpi Katu gaztetxean, eta Jaimek ordura arteko musika taldearekin izan zuen proiektu nagusia amaitu berri zuen eta bion artean zerbait egiteko proposamena egin zidaten. Oso ondo hartu zuen eta horrela hasi zen guztia. Entseguak bere etxean egiten ditugu, estudiotxo bat du, eta aldi berean senideen etxea da. Gainera, honen ondorioz familian halako mugimendutxoa sortu da. Ilusio handia egin dio mundu guztiari. 

Nolakoa da 'Bizi sintetikoak' errezitaldia? 
Prestatua eramaten dugu, baina inprobisatzeko tarte pixka bat badago. Entseguetan egiten duguna eta zuzenekoetan ez da inoiz berdin-berdin gertatzen. Musika aldetik elektronikatik abiatzen da, sintetizagailuak erabiliz, eta tarteka gitarra izan dugu eta askotariko instrumentuak. Musikak halako atzealde ondoko paisaia osatzen du, eta testuek horren gainean beste sostengu bat daukate. Testuak hasiera batean nire bigarren poesia liburuan, Bihotz-museo bat izeneko horretan, oinarrituta zeuden. Horretan oinarritu ginen proposamena izan zelako liburu horren errezitaldi bat egitea, baina gero konturatu nintzen poema horiek ez daudela zuzenerako edo ahozkorako idatzita, baizik eta irakurriak izateko; nekez funtzionatzen du formatu horretan. Beste pausa bat eskatzen dute, lirikoagoak dira. Orduan, baneukanez gogoa beste erregistro hori esploratzeko, beste testu batzuk idazten hasi nintzen, formatu aldetik ahozkoagoak zirenak. Horiekin probak egiten joan gara eta orain nahasketa bat egiten dugu, gehienak zuzenekorako sortutako testuak dira. Ahozko poesiak askotan egiten duen moduan hitz egiten diotenak: gai sozialak eta abar. Eremu intimotik abiatzen naiz eta kolektibizatzen saiatzen naiz eta gatazka sozial orokorrek niri edo sujeto poetiko zehatz bati eragiten dioten hortik abiatzen naiz. Txikitik hasten naiz, baina kolektibotik asko daukaten gaiak hartuta. 

Musikak poesia hurbiltzen du? 
Topikoa badago, baina poesiaren genero eta estiloaren arabera, errazagoa edo zailagoa izango da, baita ahozkoan ere. Ahozkoan, jendaurreko emanaldietarako aukeratzen diren poesia moldeak bestelakoak izaten dira, egokiagoak, momentuan jaso eta behintzat zerbait ulertzeko. Mila geruza egon daitezke behin eta berriz entzun edo irakurri ondoren, baina behintzat bat-bateko momentu horretan funtziona dezatela. Bestalde, uste dut poesia musikarekin laguntzeak mesede handia egiten diola. Agian poesiarekin kontaktu handia ez daukan jendearentzat edo 40 minutuz arreta mantetzeko arazoak dituen jendearentzat... Musikak beste akuilu bat ematen du, eta gainera uste dut musikak abestutako formatura hurbiltzen duela, kontzertu bat izan daitekeena, eta horretara ohituta gaude. Letran eta musika sartu-irtenak egon daitezke. Testu baten aurrean jartzen garenean esanahiaren bila jolasten dugu oso modu ordenatuan eta arrazionalean irakatsi digutelako, eta zuzenekoek lasaiago jartzen gaituzte ez ulertzen horren aurrean. 

Beraz, zure poema bat irakurri edo entzun desberdina da. 
Bai, guztiz desberdina da. Testu gehienak liburua argitaratu eta dezente beranduago idatzitakoak dira, eta badago testuren bat agian liburuko poema baten gainean egindako moldaketa bat dela. Estiloa ere desberdina da. Egia da sortzaile bakoitzak bere obsesioak dituela, eta ezagutzen nauenak harrapatuko ditu; baina desberdina da. 

Zer sentitzen dute ikus-entzuleek? 
Emanaldian esaten dut: izan nahi du akuilu bat, zerbait alda dezagun.