Haur adina zuhaitz

Guaixe 2026ko martxoaren 19a

Zuhaitzak landatu zituztenak. UDALA

Arbizun bederatzi zuhaitz landatu zituzten, joan den urtean herrian jaiotako haur bakoitzeko bat. 

Urtero moduan, Arbizuko Udalak Zuhaitz Eguna joan den urtean jaiotako haurrekin batera ospatu zuen martxoaren 1ean. 2025ean jaiotako bederatzi umeen gurasoei gonbidapena luzatu zien iganderako. Haurretako bat gaixo zegoenez, hitzorduan zortzi ume eta haien senideak izan ziren.


Zuhaitz landaketa egiten. UDALA

Ohi bezala, plazan jarri zuten hitzordua eta, oinez, San Joan ermitara joan ziren. Haren parean prest zituzten zuhaitzak landatzeko zuloak. Familia bakoitzaren egitekoa landare bana hartzea eta landatzea izan zen. Lizarrak, urkiak eta haritzak landatu zituzten. Haiek zaintzeaz arduratu beharko dute familiek. Joan den urtean Leziza ubeldearen ertzean, Kattuka eta Olatzea artean landaketa egin eta gero, ohiko tokira bueltatu da Arbizuko zuhaitz eguna.